Sanpelaioak 2023

Oilasko dantza eta brinko

Jabi Gonzalez Toston - Urtzi Oteiza 2023ko eka. 28a, 09:00

Azken urteetako parte hartze handiena izan du sanpelaioetako oilasko biltzeak. Gaua luzatuta joan dira batzuk, eta lo eginda besteak; denak ere, jaietako zita berezienaren giroak harrapatuta.

Sendo sustraitutako tradizioak dituzte Iñurritza auzoko bizilagunek sanpelaioetan. Horien artean, atzo, San Pelaio bigarrenean, egin zuten oilasko biltzea da berezienetakoa. Hori horrela, buruan lastozko kapelak jarrita gazte asko bildu ziren, beste behin, dantza eta jauzi egiteko.

Ohiko legez, 05:30ean Iñurritza elkartean batu eta indarrak hartzeko baratxuri zopa jan ondoren, 06:00etan ekin zioten lanari bi taldetan banatuta. Batek, goiko ibilbidea deritzona egin zuen: Txindurrita baserriraino igo eta handik surtidorera jaitsi, bidean Zubi Ondotik, bi kanpinetatik eta Talaiberritik igarota. Beste taldeak, berriz, beheko ibilbidea egin zuen: autobideko zubia zeharkatu ondoren, Astira, eta handik trenbide inguruko baserri artean aritu eta buelta.

Bi taldeak 11:00ak aldera elkartu ziren hasierako abiapuntuan, eta hamaiketakoa egin ondoren, auzoko kaleetan ibili ziren, bitan banatuta berriro ere. 13:30 pasata elkartu ziren azkenekoz Iñurritzako zabalgunean ekitaldiari amaiera emateko.

Dezente izan ziren bi ibilbideak osorik egin zituzten parte hartzaileak; parrandarekin kateatuta gauzatu zituzten batzuek, eta lo apur bat eginda besteek. Dena den, geroago batu zenik ere izan zen. 9 urte besterik ez dituen Asier Garate, esaterako, hamaiketakoaren ondoren bertaratu zen. Hark azaldu zuenez, bigarrenez parte hartu zuen atzo, eta "oso ondo" pasatu zuen. Horixe azpimarratu zuten Alazne Aizpurua eta Olatz Juantorena lehengusuek ere: "Sortzen den giroa oso berezia da, eta horrek animatzen gaitu urtero parte hartzera". Bi lehengusuek ez zekiten zenbatetan parte hartu duten zehazten, "kontua galdu" dutelako, baina argitu zuten beheko ibilbidea egiten dutela beti beren baserria, Sasiko, ibilbide horretan sartzen delako.

Garate txikia bezalaxe, atseden hartuta joan ziren oilasko biltzera Aizpurua eta Juantorena. Hala ere, Aizpuruak ezin izan zuen baserrietako buelta egin, lanean harrapatu zuelako. Kontrara, Martin Arratibelek gaupasa eginda egin zuen goiko ibilbidea osorik. Gainera, "lehenengo aldia" izan zuen atzokoa, eta gustura aritu zen. Nolanahi ere, aitortu zuen "oso gogorra" egin zitzaiola «neka-neka eginda» amaitu zuelako, eta «giharretako mina» izango duela gaur. Era berean, harrituta ere agertu zen parte hartzaile kopuruarekin, ez zuelako "hainbestekorik" espero. Horren harira, hamar bat aldiz parte hartu duen Amaia Cortesek nabarmendu zuen aurreko urteetan baino "jendetsuagoa" izan zela atzoko oilasko biltzea.

Oilaskorik ez

Ekintzaren izenak oilaskoak jasotzen dituztela aditzera ematen badu ere, gaur egun ez dute halakorik egiten. Herritarrek borondatez emandako dirua eta tabernariek emandako edariak eta pintxoak dira saria. Horrekin batera, barre algarak ere bai, noski. Cortesen esanetan, "oso dibertigarria izaten da mozkor jarraitzen duen jendea eta lo eginda datozenak elkarrekin ikustea".

Dantzariak ez ezik, musikariak ere aritzen dira oilasko biltzen. Horien artean, Jose Ignacio Elias txistularia. Zarautzera ezkondu zen azpeitiarrak dozena bat aldiz parte hartu du jada, eta "giroak harrapatuta" eusten dio usadioari ia 72 urterekin: "Luzea da ibilbidea, baina oso jatorra da parte hartzen duen jendea, eta gustura etortzen naiz oraindik".

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide