Zarautz eta Zumaia arteko tren zirkulazioa etengo dute datorren astean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ekainaren 26a

Zarauzko behin-behineko tren geltokia. (Jabi Gonzalez Toston)

Hilabetez egongo da itxita bi herrien arteko trenbide zatia azpiegitura hobetzeko lanak egiteko. Bitarte horretan, autobusarekin bermatuko diete zerbitzua erabiltzaileei.

Uztailaren 4tik, asteartea, abuztuaren 11ra, ostirala, bitartean ezin izango da trena erabili Zarauztik Zumaia joateko edota alderantziz. Euskotrenek azaldu duenez, zerbitzua etengo dute bi herrien artean ETS Euskal Trenbide Sareak trenbidearen azpiegitura hobetzeko egin behar dituen lanak direla eta.

Nolanahi ere, bi herrien arteko garraio publiko bidezko lotura bermatuta egongo da; izan ere, autobusez emango dute zerbitzua. Horren harira, zehaztu behar da Zarauztik Bilborako noranzkoan, Eibarrera arteko ibilbidea egingo duela ordezko autobusak behin-behineko geltokitik abiatuta. Hala, bidea jarraitu nahi duten erabiltzaileek Eibarren hartuko dute trena. Halaber, tarteko herrietan geratu nahi duten erabiltzaileek ere izango dute horretarako aukera. Zumaiatik Donostiarako noranzkoan ere tren geltoki parean hartuko dute autobusa erabiltzaileek eta azken helmugara arteko ibilbidea egingo du tarteko herrietan geratuta.

Trenbidean egingo dituzten hobekuntza lanen harira zehaztu dute, bestalde, Urola ibaiaren gaineko Zumaiako zubian egingo dituztela, eta Meagako eta San Migeleko tuneletako trenbidea ere berrituko dutela. Ia 6 milioi euroko inbertsioa egingo dute horretarako.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide