San Pelaio jaiak aurrera darrai eta klasiko bihurtu den Baltsa Txapelketarekin jarraipen alaia eman diote atzokoari. Dozena bat talde ziren parte hartzeko izena emanda zutenak, baina gehiago izan dira azkenean. Gainera, irteera marrara berandu iritsi direnak ere izan dira tartean, lasterketa jada abiatuta zegoela.
Estua izan da garaipenerako lehenengo bi ontzien artean, hasieratik hartu dute aurkariekiko abantaila eta Limoia taldea nagusitu da, azkenean. Edonola ere, guztiaren gainetik giro ona izan da gaurko irabazlea. Parte hartzaileek goitik behera bustita amaitu dute, baina irribarrearekin ahoan. Guztiek lortu dute hondartzako helmugara salbu iristea, nahiz eta, bidean ontzien edota arraunen zatiak ere galdu dituzten askok.
Aterkia eskuan ikuskizuna bertatik bertara jarraitzeko gerturatu diren herritarrak ere hainbat izan dira. Dena den, ateri eutsi dio azkenean eta lehorrean zirenak ez dira busti.
Eguraldia aipatuta, gorabeherarik eragin du; izan ere, euria egiteko mehatxua dela eta Hiruputzu gaztetxera lekualdatu dute bazkaria, baina hodeitza saretzen hasi dela ikusit hasierako asmoari eutsiko diote, eta Munoan egingo dute bazkaria, beraz. Hain justu, bazkalostean egingo dute Baltsa Txapelketako sari banaketa.