Egun handia da gaurkoa Zarautzen, San Pelaio Eguna, eta ohiko danborradarekin eman diote ongietorria bart. Danbor hotsek herriguneko kaleak hartu dituzte 23:15eti aurrera eta 23:30erako Lege Zaharren enparantzan ziren jada herriko elkarte guztiak eta Musika Banda. Beren lekuak hartu eta hasiera eman diote ekitaldiri plaza goraino beteta zegoela.
Tartean,etenalditxoa ere egin dute Josu Txapartegi Txapas musikariari San Pelaio makila eman eta aitortza egiteko. Arrano elkartaren konpainiako zuzendariak egin ditu aurkezpen lanak eta danborradako ordezkari nagusiaren eskutik jaso du makila Txapasek.
Horren ondoren, jarraipena eman diote danborradako errepertorioari eta gauerdia arte astindu dituzte makilak. Orduan, Xabier Txurruka alkateak suziria bota du eta Pelaio pelaio ereserkia elkarrekin abesteari ekin diote bertaratu guztiek alkateak bandera igo bitartean.
Behin bandera mastaren goian zegoela, Musika Bandako kideek plaza utzi dute, baina danborra jotzen jarraitu dute elkarteek. Hasieran, plazan bertan eta herriko kaleetan ondoren.
Festa giro aparta izan da bart, bandera igoera ekitaldian eta jarraipena izan du gau osoan; izan ere, goizaldera arte iraun du herritar askoren parrandak eta gaur beste hainbeste egingo dute.