Eguardian txupinazioa bota ondoren, Haurren XLIII. Agerraldia egin dute gaur arratsaldean Lege Zaharren Enparantzan. Zapi urdina jantzita asko, herriko haurrak iritsi aurretik hasi da jendea lekurik onena hartzen. Handik pixkatera, ohi bezala, Azken Portutik, Iñurritzatik, Vista Alegretik eta Itxasmenditik abiatu dira herriko haurrak, eta kolore gorria, berdea, urdina eta horia nagusitu dira herriko kaleetan zehar.
20:00ak aldera iritsi dira Lege Zaharren Enparantzara, eta bertan hainbat kantu jo dituzte elkarrekin. Dozenaka ume elkartu dira bertan, eta indar biziz jo dituzte danborrak. Ondoren, taldeak hasitako lekura itzuli dira bere txarangarekin.
Haurren Agerraldia amaituta, iluntzean helduen txanda izango da. Berriz ere plaza beteko dute etxeko zaharrenek, eta umeek bezala, hainbat pieza joko dituzte. Bertatik bertara ikusi ezin dutenek, Zarauzko Hitzaren bidez ikusi ahal izango dute emanaldia, zuzenean.