Lehertu da festa Zarautzen. San Pelaio bezpera egunez, gaur eguardian hasi dituzte herriko festa garrantzitsuenak. Goizean goiztik nabari zen herrian giro desberdina, eta 11:30 aldera hasi da jendea plazan elkartzen, Erraldoi eta Buruhandien Zarauzko V. topaketa ikusteko asmoz. Ikusmina sortu du, eta adin guztietako dozenaka herritar elkartu dira bertan buruhandiekin argazkiak atera edo txupinazioaren aurretik plazan lekua hartzeko. Hain zuzen, aurten Bidasoako Erraldoiak, Tafallako Asier Marco Konpartsa eta Zarauzko Erraldoi eta Buruhandien Elkartekoak arduratu dira jendea pixkanaka festa giroan sartzeaz.
Ondoren, ohi bezala eta jaiei hasiera emateko, Zuzendari Nagusiak bota du txupinazoa udaletxeko balkoitik. Aurten, Vista Alegreko Aunitz Mendizabali egokitu zaio lan hori. Halaber, bertan izan dira arratsaldeko danborradan zuzendari modura arituko diren gainontzeko gazteak ere: Vista Alegreko Maialen Egiazabal; Azken Portuko Nahia Bereziartua eta Nahikari Mori; Itxasmendiko Elene Lizaso eta Peru Andres; eta Iñurritzako Lore Azkue eta Elene Murua. Hala, txapel eta txaleko urdin, gorri, berde eta horiak soinean, sanpelaioen hasiera iragarri dute zortziek.
Jarraian, erraldoi eta buruhandi guztiek kalejira egin dute herriko kaleetan zehar, eta geldialdia egin dute, tradizioari jarraituz, Santa Marina ermitan.
Hemen ikus daiteke gaurko eta hurrengo egunetako egitaraua.