San Pelaio festetan hasita, uda osoko asteburu eta jaiegunetan martxan izango da Taxi Bus zerbitzua. Emakumeek lehentasuna edukiko dute, baina herritar guztiei zabalik dago zerbitzuaren erabilera.
2018an jarri zuten martxan lehendabizikoz gaueko taxi bus zerbitzua, eta harrezkeroztik, "oso harrera ona" izan duela adierazi du Zarauzko Udalak. Hori horrela, uda honetan ere gauez dabiltzan pertsonen "segurtasuna bermatzeko eta etxerako itzulera errazteko", zerbitzua eskaintzen jarraitzea erabaki du udalak. Gaur hasi eta irailaren 18a bitartean egongo da erabilgarri zerbitzua, asteburu eta jaiegunetan, 1:00etatik 5:00etara.
Zarauzko hamar taxi gidarik eskainiko dute zerbitzua eta 2 euro balioko du bidaia bakoitzak (3,5 euro zerbitzua Talaimendiko goiko aldera iristen bada). Tiketak Udaltzaingoaren egoitzan eskuratu beharko dituzte herritarrek eta taxi geltokia eraikinaren parean kokatuko da.
Zehazki, honako egun hauetan eskainiko du zerbitzua Taxi Busak:
Ekaina: 24, 25 eta 26.
Uztaila: 1, 2, 8, 9, 15, 16, 22, 23, 24, 25, 29, 30 eta 31.
Abuztua: 5, 6, 7, 12, 13, 14, 15, 16, 17, 18, 19, 20, 26 eta 27.
Iraila: 2, 3, 9, 10, 16 eta 17.