Urte askoan, futbola izan da Marina Agouesen (Zarautz, 1992) bizitzaren ardatza. Zarautzen, Realean, Oiartzunen eta Eibarren jokatu zuen, besteak beste. Baina belauneko lesio batek errotik aldatu zuen haren bidea, eta alde batera utzi behar izan zuen bere pasioa. Bizitzak bidegurutzeak eta aukerak eskaintzen ditu, ordea, eta sorkuntza proiektu bat abiatu du: Sottosopra. Artea eta tatuajegintza uztartu ditu.
Nola gogoratzen dituzu futbolean emandako lehen pausoak?
Zarauztar gehienak bezala, plaieroetan hasi nintzen. Amaren anaiak, markeztarrak, futbolariak izan ziren, oso onak, eta baten bat Athleticera joatekotan ere ibili zen. Uste dut hortik datorkidala futbolerako zaletasuna. 12 urterekin hasi nintzen Zarauzko taldean entrenatzen, eta 13 urte nituen talde nagusia [Espainiako] nazional mailan zegoenean. Entrenatzaileak aukera eman zidan zaharragoekin jarduteko. Presiorik gabe jokatzen nuen, gozatuz; motibatu egiten ninduen ni baino nagusiagoen aurka aritzeak. Niretzat beti izan da garrantzitsua futbolean jokatzen disfrutatzea; beti esan izan dut entrenatzera gogorik gabe joaten nintzen egunean utziko nuela futbola.
Gaztetan fitxatu zintuen Realak.
16 urte bete berri nituela hasi nintzen Realean. Garai hartan niretzat erreferente ziren jokalari guztiek jokatzen zuten han, eta sekulakoa izan zen haiekin batera jokatzea. Hasieran, uste nuen aulkian denbora asko pasatuko nuela, baina lortu nuen taldean tokia egitea.
Esfortzu handia eskatzen al du goi mailan aritzeak?
Bai. Gainera, asko entrenatzen diren horietakoa izan naiz beti. Buruan zerbait sartzen zaidanean, hori lortzen ahalegintzen naiz, eta argi izan behar da goi mailan aritzeko ezkutuko lan asko egin behar dela. Urte oso-oso onak izan ziren, baina gaztetan gauza asko galdu nituela ere sentitzen dut batzuetan; lagunak parrandan irteten hasi zirenean, korrika egitera joaten nintzen ni, eta entrenamendurik ez genuen egunetan ere entrenatu egiten nintzen.
Asko aldatu al da emakumeen futbola azken hamarkadetan?
Bai. Agian, nire aurreko belaunaldikoek gehiago antzemango zuten aldaketa, baina etengabe aldatzen ari dela sentitzen dut. Orain futboletik bizi dira emakume jokalariak ere, eta duela urte batzuk pentsaezina zen hori. Dena dela, soldatei-eta dagokienez, gizonen futboletik oso urrun dago oraindik emakumeena.
Futbolean jokatzera atzerrira joan ziren lehen jokalarietako bat izan zinen. Zuretzat zer izan zen pauso hori ematea?
Nik uste nuen oso onak ziren jokalariek bakarrik zutela horretarako aukera, eta neure burua ez nuen sartzen multzo horretan. Garai hartan Realean jokatzen genuen jokalariontzat oso garrantzitsua izan zen Juan Carlos Samaniego Tximist prestatzaile fisikoa; aita bezala zen guretzat. Hark beti animatu ninduen kanpora ateratzera. Horregatik, Italiatik eskaintzak iritsi zitzaizkidanean, ez nuen bi aldiz pentsatu. Joateko irrikan nengoen, aldaketa bat behar nuela sentitzen nuelako. Oso garai berezia izan zen niretzat, ez kirol arloan bakarrik; bizitzako esperientzia gisa markatu egin ninduen hark. Gaur egun, egunero hitz egiten dut hango lagunekin.
Esperientzia hura zergatik izan zen hain garrantzitsua zuretzat?
Etxe batean bizi nintzen beste sei jokalarirekin, eta gure artean oso giro ona genuen. 21 urte nituen orduan, eta beste bizimodu bat ezagutu nuen. Dena den, argi-ilunak ere izan ziren. Guk ez genuen kontraturik; eskupean ordaintzen ziguten, eta Realean jokalariok genituen hainbat eskubide Italian pentsaezinak ziren. Gainera, bueltatu egin behar izan nuen, hilabete batzuetan ez genuelako kobratu. Sei hilabete egin nituen han, eta Realera bueltatu nintzen [2015ean]. Orduan konturatu nintzen Realean genituen baldintzak oso talde gutxik eskaintzen zituztela. Arantza batekin bueltatu nintzen, ordea: beste pare bat urtean Italian jokatu nahi nuen, eta esperientzia bizitzen jarraitu.