Musika, dantza, afariak, ikuskizunak... eta sua, nola ez, sua. Urola Kostako herri guzti-guztietan izango da bihar San Joan bezpera eta udaren hasiera ospatzeko aukera. Batzuetan, sua piztu aurretik afaltzeko elkartuko dira herritarrak; gehienetan, suarekin eta suaren bueltan ekingo diote festari eguzkia ezkutatzen den ordua iristearekin bat; eta ia guztietan, suaren bueltan dantza eginez ospatuko dute udaren etorrera.
Zarautzen, ohi bezala, Antonio Aranzabal zenaren eremuan ospatuko dute festa, Mitxelena kalean. Herriko hainbat eragileren parte hartzearekin, eta herritarren ikusminarekin bizi ahal izango da beste urte batez gau magikoena.
Zarauzko Udalak, era berean, gogorarazi du debekatuta dagoela hondartzan suak egitea. Suak egitearen ondorioz, hondartzan sortutako hondakin guztia uretan bukatzen duela zehaztu dute, eta, beraz, zentzuz eta errespetuz jokatzeko deia egin die zarauztarrei.
EKAINAK 23, OSTIRALA
20:00. Sardina jana, Mondrako aparkalekuan, Zelai Ondoko Jai Bartzordearen eskutik.
21:00. Zarakatun Batukada Feminista.
22:00. San Joan Sua, Antonio Aranzabal zenaren zelaian. Parte hartzaileak: Aimar Sorazu eta Uxue Alkorta bertsolariak, Goizeko Ihintza txistulariak, Montetxio Korua, Jalgi Dantza Taldea, Batukada Feminista eta Zarauzko Txalaparta Eskola.
Jarraian. DJ Aros.