"Gauza pertsonal asko kontatzeko gogoa neukan"

Aritz Mutiozabal 2023ko ekainaren 21a

Ganix Illarramendi musikaria. (Utzitakoa)

Elea Boa proiektuari bide eman dio Los Angelesen (AEB) bizi den Ganix Illarramendik (Zarautz, 1982). Zazpi abestiz osatutako lana grabatu du, eta Amesten da lehen abestia.

Orain artean taldean funtzionatu duzu, baina orain bakarka irten zara plazara. Nola etorri da aldaketa hori?

Halabeharrez izan da, beste erremediorik ez neukalako. Gitarra da nire musika tresna, eta horren laguntzaz abesti batzuk idatzi nituen. Horiek grabatzen hasi nintzen etxean, eta ahotsen txanda iritsi zenean, inguruan beste inor ez neukanez, nik neuk egin behar izan nituen. Hala ere, oraindik ez dut nire burua abeslari edo bakarlari bezala ikusten, ez naiz hala definitzen. Zentzu horretan, tranpa pixka bat egiten ari naizen sentsazioa daukat.

Hasieratik al zeneukan garbi proiektuak karga pertsonal edo intimo handiegia zuela talde izaera emateko?

Hori ere bai. Abestiak idazten hasi nintzenean, berehala konturatu nintzen gauza pertsonal asko kontatzeko gogoa neukala, egun gutxiren buruan hamar bat abesti idatzi nituelako. Orain arte sentitu ez dudan behar bat sentitu nuen. Esateko gauzak nituen, eta hori seinale garbia zen: emaitzak bakarkako proiektu bat izan behar zuen.

Amesten da zure lehen abestia. Aldaketa baten istorioa duzu kontagai: atzean uzten diren gauzak eta etorriko direnekiko halako errespetua.

Aldaketek beti jartzen zaituzte urduri, erne. Eta horrek gertatzen ari zaizun guztiaz hobeto jabetzen laguntzen dizu, kontzienteago izaten. Baina, aldi berean, burua inoiz ez duzu lasai, gauza berari mila buelta emanez, boikot baten moduan, loa galdu arte. Hala nengoela hasi nintzen Amesten abestia idazten Londresen [Erresuma Batua]. Gauza asko atzean uztera nindoan, eta Los Angelesek [AEB] zer ekarriko zidan galdetzen nion neure buruari. Behin hiri berrira iristean, egoera pertsonal lasaiago batean nengoela, lortu nuen abestia amaitzea.

Musikalki, pop-rock kutsua gailentzen da kantan, giro elektronikoekin, nahiz eta bukaeran eztanda indartsua duen. Anitza da zure proposamena.

Hasieratik nahiko argi neukan Amesten abestiak izan behar zuela Elea Boa proiektuaren aurkezpen kantua, abestiaren zati handi batean gitarra xume baten laguntzaz bakarrik abesten dudalako. «Elea Boa ni naiz» esateko eta azaltzeko modu egokia zen. Abestiaren bukaerako zatiak, berriz, etorriko denaren berri emateko balio du. 

Ikuspegi irekia eta esperimentaziorako gogoa ere nabari zaizkizu. Inolako mugarik jarri gabe aritu zara, agian?

Abesti guztiak ildo berekoak diren arren, bakoitzari eskatzen duena eman nahi izan diot. Ez naiz saiatu abestiak estilo jakin baten txantiloian sartzen. Zentzu horretan, ez diot nire buruari mugarik jarri. Hala ere, Elea Boak ardatz eta erreferente sendoak ditu, bai musikalki, baita hitzei dagokienez ere. Proiektua hasi nuenean eta esateko gauza asko nituela jabetu nintzenean, mezuari garrantzi handia eman behar niola erabaki nuen; esateko nuen hori ahalik eta modu sinple eta zuzenean esan behar nuela, gehiegi korapilatu gabe. Aurreko proiektuetan dena konplikatzeko joera neukan: erritmoak, egitura, hitzak… Oraingoan, berriz, abestiak zuzenagoak dira, konplikazio gutxiagorekin, mezua bidean gal ez dadin.

Bakarkako bidean murgildu zara, baina hainbat kolaborazio izan dituzu prozesuan zehar. Talde lana ezinbestekoa al da?

Asko zor diet kolaboratzaileei. Nire lana hitzak idaztea, musika sortzea eta abestiei forma ematea izan da. Grabazioa, ekoizpena eta lan bisuala, berriz, horretan artista direnen esku utzi ditut. Grabaketaz Alex Lemire Pasternak eta Iñigo Azkue arduratu dira; bata Los Angelestik eta bestea Zarauztik. Ilustrazioez, berriz, Jimena La Motta arduratu da. Lanarekin hasi aurretik, abestien inguruan hitz egiten genuen, eta nik pista batzuk ematen nizkien. Horren gainean, askatasun osoz egin dute lan. Hasiera-hasieratik proiektua ulertu eta dena eman dute. Konfiantza osoz utzi diet lan egiten, eta oso gustura nago emaitzarekin.

Elea Boa izena jarri diozu proiektuari. Intrepretazio edo irakurketa ugari egin daitezke deitura horren baitan; keinuak daude LA Los Angelesi, baita Laboari ere.

Kar-kar! Bada gustatzen zait interpretazio hori!

Kalifornian bizi zaren arren, euskaraz sortzeko hautua egin duzu. Zure hurrengo abestiak ere ildo beretik joango al dira?

Elea Boa barnean ditudan gauzak kontatzeko plataforma bat besterik ez da. Eta ama hizkuntza euskara dudanez, hori dut tresna onena. Gure etxea Londresen edo Kalifornian dagoen, horrek berdin dit. Etxean euskaraz egiten dugu. Euskaraz bizi gara. 

Zeintzuk dira zure hurrengo pausoak? Grabazioak, diskoak, kontzertuak...?

Momentuz disko labur bat prestatu dugu, zazpi abestiz osatutakoa. Lehena, Amesten, dagoeneko kalean da, eta bigarren abestia ere laster aterako da, beste bideo batekin lagunduta. Horrela joango naiz diskoa aurkezten, pixkanaka eta irudien laguntzaz. Kontzertuak emateko ere irrikaz gaude, proiektua borobiltzeko modua izango baita.

Londrestik Kaliforniara lekualdatu zinela bada urtebete. Zer-nolako aldea antzeman duzu musika esparruan? Eta horrek zertan lagundu dizu proiektu berrian?

Los Angelesek besoak zabalik hartu nauela sentitu dut hasieratik. Santa Monican dut etxea, hondartzaren ondoan, eta, aldeak alde, Zarautzen nolabaiteko antza hartzen diot. Azken urteetan baino gertuago sentitzen naiz herritik. Gainera, Kalifornia hegoaldean, badago halako pentsakera bat: inoiz ez dela ezertarako berandu. Inori ez zaizkio ametsak eta proiektuak falta, ezta horiek aurrera eramateko gogoa ere, eta horrek indarra eman dit gauza berriak egiten saiatzeko. Balaztarik ez dagoen sentsazioa daukat, eta hori gakoa izan da nituen beldur eta barneko mamu guztiak gainditzeko. Beste toki batean, agian, Elea Boa ez zen existituko, eta hori Los Angelesi zor diot.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide