Gogotsu datoz sanpelaioak

Aritz Mutiozabal 2023ko ekainaren 20a

Sanpelaioetako egitarauaren aurkezpen ekitaldia Musika Plazan. (Aritz Mutiozabal)

San Pelaio Makila Josu Txapartegi Txapasek jasoko du aurten helduen danborradako ordezkarien eskutik, San Pelaio bezperako gauerdian.

Sanpelaioak gainean dira, eta herriko kaleetan sumatzen da  jada jaietarako gogoa. Herritarrak pixkanaka-pixkanaka girotzen joateko, aurtengo egitaraua aurkeztu zuen atzo udalak Musika Plazan, haurren eta helduen danborradetako ordezkariekin eta Zarauzko Erraldoi eta Buruhandien Elkarteko kideekin. Publiko guztientzako pentsaturiko programazioa dela nabarmendu zuen Xabier Txurruka alkateak, "herriko eragile askorekin elkarlanean sortua".

Igandetik aurrera, San Pelaio bezperatik, makina bat ekitaldik hartuko dute Zarautz: Buruhandi eta Erraldoien Topaketa, Haurren Agerraldia, helduen danborrada, kontzertuak, kalejirak... Txurrukak egitarau osoaren berri eman zuen aurkezpenean. Era berean, jakitera eman zuen aurten helduen danborradako ordezkariek San Pelaio Makila Josu Txapartegi Txapasi emango diotela, Pelaio, Pelaio ereserkia elkarrekin abestu aurretik.

Badira urte batzuk jada helduen danborrada zuzenean streaming bidez jarraitzeko aukera ematen duela Zarauzko Udalaren webguneak. Aurten, berritasun bezala, helduen danborradaz gain, haurrena ere zuzenean jarraitu ahal izango da Zarautz.eus webgunean, baita Zarauzko Hitzaren atarian eta Erlo Telebistan ere.

Festen programa eta zapi urdinak Zarauzko Turismo Bulegoan eskuratu daitezke; zapien kasuan, igandean jaso ahalko dira 10:00etatik 14:00etara.

Testing zerbitzua eta Puntu Morea

Prebentzioak ere izango du bere tokia San Pelaio jaietan. Igande gauean, arriskuen murrizketarako testing zerbitzua izango da Munoan, 00:00etatik 03:00etara; drogei buruzko informazio eta analisi zerbitzua, alegia. Astelehen gauean, berriz, alkoholemia proben gunea jarriko dute malekoian, 23:00etatik 02:30era, alkohol kontsumoari lotutako arriskuak prebenitzeko eta murrizteko kanpainarekin.

Bestalde, Puntu Morea ezarriko dute Musika Plazan igandean, 23:00etatik 02:00etara, eta astelehenean, 21:00etatik 00:00etara, eraso sexistarik gabeko jaiak aldarrikatzeko eta laguntza edo informazioa behar duen edozein pertsonari laguntzeko. 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide