Frantziako Tourreko hirugarren etapak eragina izango du Zarauzko trafikoan

Aritz Mutiozabal 2023ko ekainaren 20a

Txirrindulariak Nafarroa kaletik igarotzen. (Hitza)

Uztailaren 3an igaroko da herritik munduko txirrindularitza probarik garrantzitsuena, eta antolatzailek ezarritako neurriek hala eskatuta, N-634 errepidea itxita egongo da 11:30etik aurrera.

Euskal Herritik abiatuko da aurtengo Frantziako Tourra, eta lehenengo hiru etapetan –uztailaren 1etik 3ra– euskal herrietatik eta hirietatik igaroko dira nazioarteko txirrindularirik onenak. Hain justu ere, hirugarren jardunaldian, Amorebietatik Baionara bitartekoan, igaroko da Zarauztik: 15:10 inguruan iritsiko da Getaria aldetik, N-634 errepidetik, eta Oriorantz jarraituko du.

Kirol ekitaldia, baina, eragin nabarmena izango du trafikoan eta herriko kaleetan uztailaren 3an. Lasterketaren antolakuntzak ezarritako jarraibideak medio, 11:30etik hasi eta  lasterketa igaro bitartean N-634 errepidea itxita egongo da ibilgailuentzat eta oinezkoentzat. Denbora tarte horretan, AP-8 autobidea erabili beharko da Zarauztik irteteko nahiz sartzeko.

Oinezkoek, berriz, Nafarroa kaleko hiru azpibideak erabili beharko dituzte N-634 errepidea zeharkatzeko: San Frantzisko kalekoa, Sanz Eneako eta Iñurritzakoa, alegia.

Egun bat lehenago ezin aparkatu

Txirrindularien eta lasterketako gainontzeko kideen segurtasuna bermatzeko, errepideko elementu guztiak (seinalitika, edukiontziak, ibilgailuak...) kendu egingo dituzte, protokoloak hala aginduta. Horrenbestez, eta lan horiek aurrera eraman ahal izateko, uztailaren 2ko 22:00etatik ezingo da ibilgailurik aparkatu Nafarroa kalean.

Lasterketak Hiribusaren ibilbideetan eta ordutegietan ere eragina izango du. Lasterketa gerturatu ahala, zerbitzuak izango dituen aldaketen berri emango duela jakinarazi du udalak. Era berean, Ezustekoak saihesteko, aipatu eguna aurrez planifikatzeko gomendioa egiten die herritarrei.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide