Beñat Manterola eskubaloi jokalaria fitxatu du Burgos taldeak

Aritz Mutiozabal 2023ko ekainaren 19a

Zilarrezko Ohorezko Mailan lehiatzen jarraituko du zarauztar gazteak bere talde berriarekin.

Orain arte Amenabar Zarautz taldeko jokalari izan den Beñat Manterola Leundak (Zarautz, 2003) UBU San Pablo Burgos taldearekin jokatuko du datorren denboraldian. Burgos buru-belarri ari da taldea indartzen datorren sasoian Zilarrezko Ohorezko Mailari aurre egiteko, eta Manterola egin duen zazpigarren fitxaketa da.

Zentral gaztea Zarauzko Eskubaloiko harrobiko mutila da, eta golak sartzen gaitasun handia duela erakutsi du aurten. Ligako lehen fasean 16 partidatan 62 gol sartu zituen, eta jaitsiera fasean, berriz, 10 partidatan 38 gol; guztira, 100 gol lortu ditu denboraldi osoan.

Roi Sánchez entrenatzaileak nabarmendu du jokalari zuzena dela, eta bat-bateko egoeretan ongi moldatzen dela. "Oso gaztea da, baina etorkizun handikoa. Burgosera dator garatzen jarrai dadin. Izan ere, hobetzeko potentzial handia du, bai defentsan bai fisikoki ere".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide