Zarauzko Udalak Kultur Merezimenduaren Domina emango dio bihar arratsaldean Anjel Lertxundi idazleari. Udalbatzar aretoan izango da ekitaldia, 18:30etik aurrera, eta Xabier Txurruka alkatearen eskutik jasoko du herriaren aitortza. Era berean, Uxue Alberdi idazleak Lertxurdiren obra goresteko testu bat irakurriko du eta Jexuxmai Lopetegi musikariak lagun-min duen idazlearen testu bat musikatuko du.
Ondoren, 19:30etik aurrera, Anjel Lertxundi: idazle totala mahai-ingurua egingo dute Modelo aretoan, idazlearen ibilbidea hainbat ikuspuntutatik aztertzeko. Solasaldi honetan parte hartuko dute, besteak beste, Andoni Egañak, Danele Sarriugartek, Iratxe Retolazak eta Iñigo Astizek.