Joan den ostegunean 89 urteko emakume bat hil zuen gizonezko batek Bilbon, eta hilketa matxista arbuiatzeko elkarretaratzeak egin dituzte gaur Zarautzen, Lege Zaharren enparantzan; 12:00etan, Zarauzko Mugimendu Feministak deituta, eta ordubete geroago, 13:00etan, Urola Kostako Itaiak.
Zarauzko Bilgune Feminista eta Morroxkaren izan da lehen mobilizazioa, eta Indarkeria matxistari erantzun. Autodefentsa feminista! zeraman pankataren atzean elkartu dira dozenak herritar. Ordu laurdeneko elkarretaratze isilaren ostean, hitza hartu dute, eta azken hiru hilketa matxistak gogor salatu dituzte. Batik bat adinekoen aurkako indarkerian jarri dute azpimarra, "oraindik ere ikusezina delako gure jendartean", eta "adineko emakumeek askotan zailtasunak izaten dituzte identifikatzeko indarkeriari aurre egiten ari direla".
Horren aurrean, halako kasuak identifikatzeko baliabide zehatzagoak jartzeko eskaera egin dute, baita adinekoen indarkeriaren inguruan kontzientziazio gehiago izatea eta adinekoen bizi baldintzak hobetzeko baliabide gehiago erraztea ere.
Ordubete geroago, eta toki berean, Urola Kostako Itaiak egin du kontzentrazioa, Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean. Hauek ere ordu laurdeneko mobilizazioa egin dute, tarteka isila tarteka aldarriak eginez. Amaieran hitzartzea egin dute. "Emakume langileon kontrako erasoek ez dute etenik, erailketetara iristen ari da. Hala ere, indarkeria matxistaren aurrean ezin dugu salaketa egitera mugatu", zehaztu dute. Emakumeek indarkeria egoeretatik askatzeko "emakumeek baldintza ekonomiko, politiko eta sozialak" garatu behar dituztela nabarmendu dute, eta erakundeen protokoloek ez dutela "ahalbidetzen" indarkeria matxista gelditzea.
Indarkeria matxistarekin bukatu beharra dagoela azaldu dute, eta horretarako, "emakumea azpiratuta mantetzeko hamaika mekanisko martxan dituen kapitalismoa bere osotasunean borrokatu" behar dela iritzi diote.