Surf egokituko munduko zirkuituko lehen proba irabazi du Aitor Frantzesena Gallo surflari zarauztarrak. Astean zehar Oceanside Pierren (Kalifornia, AEB) jokatutako AmpSurf-en txapelketan bereganatu du, David Gomez gida bidelagun izan duela, eta oso pozik agertu da garaipenarekin; izan ere, maila handia topatu du lehiaketan.
Gallo bolada onean da: maiatzean txapeldun izan zen Hawaiin (AEB) eta duela astebeta podiumera igo zen Kanarietan jokatu zen Espainiako Kopako proban. Aurrera begira, gainera, egutegi betea du: hiruna txapelketa jokatuko ditu Europan eta AEBetan, eta ondoren, ISAren Munduko Txapelketan hartuko du parte.