Datorren asteazkenean, ekainaren 21ean, Cruz Ituarte Irueta sortzaile ondarrutarraren erakusketa zabalduko dute Arkami galerian. Aititaren pausoak jarraituz, aroztegi batean hasi zen lanean oso gazterik, eta ekin zion egurra lantzeko eta honen ezaugarriak ezagutzeko bideari. Horrek eraman zuen egurrarekin jolas egitera eta eskulturak sortzera. Orain,bere lanik berrienak paratuko ditu Zarautzen; irekiera 18:30ean izango da, eta artista bertan izango da.
Pandemia garaiak sortutako sentimenduetatik abiatzen dira Arkamiko erakusketan ikusgai jarriko dituen piezak. Nolabait ere, sorkuntza bere beldur, tristura eta bakardade momentuak kanporatzeko eta lantzeko tresna gisan erabili ditu, "sentimendu horiek bertan giltzaperaturik utzi arte".
Egurrak eskatzen dionari jarraiki sortzen du Cruz Ituartek, bozeto edo marrazkirik egiteko beharrik gabe. Mugimenduaren bidez materialaren mugak aurkituz. Eskulanaren bidez ematen dio piezari bere zentzu edo bere izatea.