Egun gutxi dira Julen Lasa surf entrenatzailea El Salvadortik itzuli dela. Lasak gorenera eraman du Alan Cleland: mexikarrak Munduko Txapelketa irabazi du. «Oraindik sinetsi ezinda gaude». Garaipena barneratzeko ez ezik, surfetik deskonektatzeko ere baliatzen ari da egun hauek. «Ordu asko ematen ditut itsaso inguruan, eta hari begira. Hori dela eta, egun hauetan mendira joaten naiz surfaz ahazteko». Atseden egun batzuk pasatuta, berriro bete-betean hasiko da lanean; Olinpiar Jokoen aurreko urtea da, eta hark entrenatzen dituen surflarietako batzuek aukerak dituzte Parisen egoteko.
Lasa orain dela bi urte hasi zen Clelandekin lanean. «Orain dela sei-zazpi urte ezagutu nuen. Nire semearen [Keoni Lasa surflaria] taldean zegoen, eta hasieratik ikusi nuen talentu handia zuela. Orain bi urte, nik entrenatzen dudan surflari multzoarekin hasi zen lanean». Lasak argi du zein den haren ezaugarri nagusia. «Surflari osoa da. Olatu mota guztiekin moldatzen da ondo: txikiak, luzeak eta ertainak, eskuin zein ezker. Gainera, aereoa dauka».
Bi urte hauetan lan handia egin dute. «Batez ere, txapelketek eragindako urduritasunagatik akats gutxiago egiteko lan egin dugu, eta estrategiak ondo kudeatzen eta erabiltzen jakiteko. Izugarri pozik gaude»
Beste gakoa El Salvadorko itsas eremua «oso ondo» ezagutzea izan da. «Lan handia egin genuen aurretik El Salvadorren. Azken bi urteetan sei aldiz egon gara han. Sakon aztertu genituen mareak, olatuak, haizea... Ordu asko egin genituen han». Final-laurdenetan, ikusi zuten Clelandek irabazteko aukera zuela. «Horra iritsita, gakoa izan zen psikologikoki eustea, eta akats larririk ez egitea».
Munduko Txapelketa irabazi arren, oraindik ere ez du ziurtatua Pariseko Olinpiar Jokoetan aritzea. Azaroan lortu beharko du tokia, Panamerikar Jokoetan, Txilen. Atseden egun batzuk igarota, horri begira jarriko dira. «Teknikoki, batez ere olatu ertainetan du zer hobetua, aurpegiz hartzen dituenean batez ere. Horrekin batera, garaipen honek ekar diezaiokeen presioa kudeatzen ere asmatu behar dugu. Azken batean, txapelduna da, eta arreta handia egongo da harengan jarrita». Ez da ausartu iragartzera zer gertatuko den Parisera iritsiz gero, baina zera aurreratu du: «Tahiti motako olatuan aritu beharko dute surflariek, eta olatu hori oso egokia da Alanentzat».