Gaztelekuko frontoian Zarauzko Triatloiko babesleen materiala dagoela gerturatu dira lehendabizikoz Haur Kultur Taldeko kideak pilotaleku horretara. Handik ordu erdira, laguntzaileak, eta 18:00ak puntuan, inondik inora hutsik egin gabe, herriko dozenaka ume, gogoz eta urduri.
Eseri dira guztiak nahi zuten lekuetan. Izan ere, urtero bezala, umeek beraiek erabaki dute herriko auzoen izena duten zein taldetan jo nahi duten danborra: Azken Portu, Iñurritza, Itxasmendi edo Vista Alegre. Astelehenean hasitako entseguek hurrengo astera arte iraungo dute, baina umeez gain, sanpelaioetako umeen danborradak badu beste protagonistarik ere: atzeko lanean buru-belarri aritzen direnak, hain zuzen.
Haur Kultur Taldeko kide dira Igone Ameztoi eta Agurtzane Urbieta, eta haien esanetan, apirila amaieran hasten dira umeen danborrada antolatzen, Txurrukako kanpaldia amaitu ondoren. «Hasieran ikastetxeekin jartzen gara kontaktuan, desfileko arropen banaketa egiten dugu jarraian, eta amaitzeko, entseguekin hasten gara», kontatu du Urbietak. Hala eta guztiz ere, urte osoan zehar materiala «ondo zainduta» egoten dela adierazi dute Ameztoik eta Urbietak: danborrak, txapelak, atabalak, txalekoak... Udalak lokal bat uzten die material guztia gordetzeko, eta behin danborrada gerturatzen hasten denean, egun oso bat hartzen dute Haur Kultur Taldeko kideek material guztia atontzeko.
Horren atzetik, hamar lagun inguruko taldea dagoela azaldu dute biek, baina ez dute ahaztu nahi izan laguntza osagarria ematen dieten boluntarioez: "Gure altxorra dira, eta ez genuke jakingo zer egin haiek gabe. Pentsa, danborradan bakarrik 30 pertsonak laguntzen digute", azaldu dute.
Entseguak, pixkanaka
LH 3. mailatik LH 6. mailara arteko gaztetxoek parte hartzen dute San Pelaio jaietako umeen danborradan, eta azken ikasturtekoei ematen zaie zuzendari izateko aukera. "Denak ez daude egoera berean. Zuzendariek danbor jotzaileak etorri aurretik entrenamendua behar dute, eta bi entsegu egiten ditugu haiekin bakarrik. Danbor jotzaileei dagokienez, txikienenentzat lehen aldia izaten da, eta horiekin ere pixkanaka-pixkanaka egin behar izaten dugu aurrera", azaldu du Urbietak. Behin taldeak zehaztuta, gainera, ez dute zuzenean danborra hartzen umeek: "Behin antolaketa guztia eginda daukagunean hasten gara danborrekin entseguak egiten".
Transmisioa, ziurtatuta
Atzeko lana garrantzitsua da, baina garrantzitsuagoa da lanerako prest egongo diren herritarrak izatea. Hori kolokan egon zen orain dela gutxira arte. Izan ere, Haur Kultur Taldeko kideek deialdi bat egin zuten iaz, belaunaldi berriak taldera gehi zitezen. "Aurreneko momentuan susto galanta hartu genuen, ez zelako deialdira inor azaldu", dio Ameztoik.
Gertaera horrek "hausnarketa sakona" egitera derrigortu zuen taldea, hainbeste urte eta gero Haur Kultur Taldearekin jarraitu edo ez erabakitzeko. Dena den, bigarren deialdi bat egin zuen taldeak, eta orduan lortu zuten jendea joatea.
Taldeko bi kideak pozarren agertu dira momentuz "oso talde polita" osatzea lortu dutelako, eta etorkizunaz itxaropentsu mintzatu dira: "Interesgarriena da batzuk taldea uzten doazen neurrian beste batzuk geldituko direla bertan, eta pixkanaka-pixkanaka, belaunaldi gazteak sartuko direla. Horrela, Haur Kultur Taldeak ziurtatuta izango du jakintzaren transmisioa ez dela moztuko. Badakigu atzetik gehiago etorriko direla, eta pozgarria da hori", diote biek irribarrez.