Urtero bezala, Iñurritza Jai Batzordeak antolatuta, sanpelaioen atarikoa ospatuko dute auzoan festak baino astebete lehenago. Ez da aspertzeko betarik izango bertan, goizean goiztik hasiko dituztelako ekintzak.
11:30ean haurrentzako Mendi marrazki txokoa egingo dute frontoian, eta artisau azoka izango da. 12:30 aldera, berriz, txakolin dastaketa egingo dute. Arratsaldean, Jalgi dantza taldearen aurkezpena izango da, 17:30ean hasita; ZarautzTrik taldeak, Iratxe Aranburuak eta txistulariek hartuko dute parte.
18:30ean, elektrotxaranga izango da auzoko tabernetan Iñurritza Elkartearen parean hasita, eta, amaitzeko, kantu afaria egingo dute 22:00etan.