"Berriro ere atezain sentitu naiz, kategorian lehiatzeko balekoa"

Aritz Mutiozabal 2023ko ekainaren 14a

Fausto Berazadi, eskubaloiko atezaina. (Aritz Mutiozabal)

Amenabar Zarautz eskubaloi taldeko Fausto Berazadi (Zarautz, 1980) atezain beteranoak erretiroa hartu berri du. Azken bi denboraldietan eman duen mailarekin oso gustura agertu da.

Amenabar Zarautz taldea uzten duzun bigarren aldia duzu. Behin betikoa al da oraingoa?

Nik neuk ere ez dakit zer den hau! Berez, 2012an utzi nuen aurreneko aldiz lehen taldea, eta hiru urtez egon nintzen geldirik. Gero, hirugarren taldean atezain bat behar zutela eta, 2015-2016an laguntza pixka bat ematen hasi nintzen, eta poliki-poliki, berriro hasi nintzen jokatzen. Gero, bigarren taldera pasatu nintzen Txiki-Politekin, eta bertan hiruzpalau urte egin nituen, 2021era arte.

Orduan berriro Amenabarrera itzultzeko deia jaso zenuen. Nola etorri zen aukera berria?

Lehen taldeko bederatzi jokalarik utzi egin zuten, eta zuzendaritzak erabaki zuen jubeniletatik eta bigarren taldetik hornitzea, kanpoan ezer bilatu gabe. Etxekoekin jarraitzeko hautua egin zuten, eta, orduan, Julen Azpitartek deitu ninduen, Hugo Sanchez entrenatzailearen bitartez. Ni Guardian [Araban] nenbilen orduan lanean, eta egoera pixka bat nahastu zidan. Kontua zen jende gazte askok ekingo ziola lehen taldean eta beterania apur bat behar zutela, eta ni oraindik ere duin ikusten nindutela atean. Bihotzak gauza bat esaten zidan une hartan, eta buruak, berriz, beste bat.

Zalantzarik izan al zenuen?

Une hartan, bertigoa sentitu nuen. «Non sartzen ari haiz!», esaten nuen nire kolkorako. Bihotzak baiezkoa esaten zidan; buruak, aldiz, zertan nenbilen galdetzen zidan. Egia esan, oso urduri ibili nintzen. Baina denboraldiaurrea hasi zen, pixkanaka-pixkanaka martxa hartu nion, eta taldera oso erraz egokitu nintzen. Guztiek nire adinaren erdia zuten, Paulo Ostolazak, Mikel Beristainek eta Alberto Agirrezabalagak kenduta.

Taldekide izan dituzun asko zu animatzera joango ziren garai batean, ezta?

Halaxe izan da. «Gogoratzen gaituk hi animatzera joaten gintuanean...». 2012an utzi nuen lehen aldiz taldea; bada, aipatu taldekideek 9-10 urte edukiko zituzten garai hartan. Albertorekin orain arte ez nuen bat egin, segituan kanpora joan zelako, eta Beristainekin ere ez, beheko taldeetan ari zelako. Eta gainerakoak, berriz, haurrak ziren. Gogoan dut Oihan Balentziaga gure entrenamendu batzuetara etortzen zela, haren aita gure delegatua zelako.

Zure itzulerako azken bi urte hauen zer-nolako balorazioa egiten duzu?

Duela bi urte, taldeko ohiko bederatzi jokalarik utzi ondoren, jendeak ez zuen fede handirik gugan. Egiari zor, guk ere zalantza handiak genituen geurekiko. Hugo Sanchez entrenatzaileak, ordea, asko sinesten zuen gugan, Beristain kapitainak ere indarra ematen zion taldeari, eta guk ere geure paranoiak uxatu eta lanean metatu genituen indarrak. Ikusi besterik ez dago iaz lortutakoa: martxorako salbatuta geunden, eta, gainera, Asobal ligara igotzeko kanporaketa jokatu genuen. 

Belaunaldi aldaketa baten ondoren halako zerbait lortzea benetan pozgarria da. Etxekoekin bakarrik, mugatuta, hasi ginen gerra ematen nazional mailako horrelako kategoria gogor batean. Egurra ematen hasi ginen, eta izugarri ederra da, are gehiago gainerako taldeak fitxaketak egin nahiz aurrekontu handiagoak dituztenean eta jokatzeagatik kobratzen dutenean. 

Aitzitik, igaro berri den bigarren denboraldia guztiz bestelakoa izan da: maila galdu duzue.

Lehen urtea harrigarria izan zen! Sinistu egin behar genuen, eta sinistu egin genuen. Ez zegoen besterik, baina bigarren urtea ez da izan berdina. Espektatibak oso goian zeuden, aurreko urteko emaitzak kontuan izanda. Lehen urtean gauzak oso ongi egin genituen, eta bigarren urtea ez da espero bezalakoa izan. Entrenatzaile aldaketa izan dugu [Iosu Landa aritu da aurten], eta lan egiteko modua ere ezberdina izan da. Emaitzek ez ziguten laguntzen, eta geure burua ezbaian jartzen ere hasi ginen denboraldian zehar; mamuak sortzen, hain zuzen ere. Azkenean, sasoia ez da positiboa izan, eta mailaz jaitsi gara. Nahiko genukeen eman duguna baino gehiago ematea, gehiago lehiatzea, baina horretarako motibatuta egon behar duzu. Entrenamenduetan hiltzeraino eman behar duzu, entrenatzailearengandik hasi eta norbanako guztiongana arte. Eta ez da hala izan.

Maila galtzeak edota azken urtea nahiko nahasia izateak ere bultzatu al al zaitu azken erabakia hartzera?

Baliteke, baina kontua ez da mailaz jaitsi garela eta orain ez dudala Lehen Nazionalean lehiatu nahi. Kategoria horrek ere asko erakartzen nau. Baina, agian, beste atezain bati aukera ematea da bidezkoena. Kategoria gogorra da, baina pausoa emateko errazagoa, eta saria handiagoa izango litzateke igoera faseko kanporaketara sailkatuz nahiz igoera lortuz gero. Niri dagokidanez, hainbat faktorek egin dute bat: astean entrenamendu asko dira, exijentzia ere handia da, Paulo Ostolaza maila altuan dabil eta nik ez dut gehiegi jokatu... Tira, jakin banekien zertara nentorren eta denbora asko pasatuko nuela aulkian. 

Esan beharra dut entrenatzea biziki gustuko dudala talde honetan, eta atean jartzeak asko erakartzen nauela. Kontua da apur bat nekatu egin naizela, eta nagikeria sartu zaidala, baina ez jaitsi garelako, baizik eta konpromiso handia delako. Eta 43 urterekin, badelako garaia ere... Gainera, badakit Jon Etxeberriarekin lekukoa badagoela eta atzetik ere badatozela atezain onak eta lotsagabeak.

Egindako ekarpenarekin bapo?
Uste dut bi urte hauetan nitaz espero zutena eman dudala. Konplitu dut, ekarpena egin diot taldeari, eta berriro ere atezain sentitu naiz, maila honetan lehiatzeko balekoa eta positiboa. Honaino iritsi da nire bidea, eta ez da ezer gertatzen.

«Oso maitatua sentitu naiz, eta eskertuta nago»


Zarauzko Eskubaloiaren DNA barru-barruan darama Fausto Berazadik, eta hori heriotzera arte eramango duela aitortzen du. Ipurterre bat da, eta ez  da geldirik egotekoa: «Oraindik entrenatzera etorriko naiz tarteka datorren denboraldian». Bere ibilbidea «zoragarria» izan dela dio: «Bizitzeko irakaspen bat izan da, bizitzeko modu bat. Zure buruarengan konfiantza hartzeko, zure burua ezagutzeko eta talde batean egokitzeko esperientzia oso polita».

Beti bilatu izan du «zortzigarren jokalaria», eta beti saiatu izan da harmailetan zaletu hori bizitzen, publikoa ere beren «parte» sentitzen dutelako eta «asko laguntzen» dielako. Zentzu horretan, «oso maitatua» sentitu dela azaldu du, baita jendeak ongi pasatu duela bere «xelebrekeriekin» ere. «Oso eskertuta nago guzti-guztiekin».

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide