Kalerki kaleko antzerki eta arte eszenikoen Zarauzko jaialdia uztailaren 6tik 9ra ospatuko da, baina jendea girotzen hasteko, aurten estreinakoz, jendaurrean aurkeztuko dute egitaraua. Santa Klarako elizaren atarian izango da, 18:00etatik aurrera, eta ekitaldia publikoari irekia izango da.
Aurkezpenean parte hartuko dute Kultura zinegotzi Irune Urbietak eta Kultura departamentuko teknikari buru Agurtzane Aizpuruk. Era berean, Kamikaz Kolektiboko ordezkariek Kalerki jaialdian estreinatu duten Troia lanaren nondik norakoak azalduko dituzte, eta Trapu Zaharrak antzerki konpainiako lagunek jaialdian izan duten ibilbide luzea gogoratuko dute.
Saioa biribiltzeko, Garazi Etxaburu dantzari ondarroarrak Gorpuztu pieza laburra dantzatuko du, bertaratzen diren guztien gozagarri.