Hilabete eta erdi baino ez da geratzen Espainiako ganbera nagusiak berritzeko uztailaren 23an egingo dituzten hauteskunde orokorretarako. Diputatuen Kongresuko eta Senatuko ordezkari politikoak aukeratuko dituzte herritarrek, eta erakundeek bozei begira baliagarria izan daitekeen informazioa jarri dute eskuragarri.
Erroldari, hauteslekuei eta bertako izango diren mahaien osaketari buruzko informazioa da eskuragarri jarri dutena eta aurrez aurre nahiz online kontsultatu daiteke. Aurrez aurre egiteko Kale Nagusiko 29. zenbakian dauden Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoetara jo behar dute herritarrek soinean NANa, pasaportea edo gidabaimena eramanda. Sarean, berriz, esteka honetan egin dezakete. Hori bai, ziurtagiri digitala beharko dute online kontsulta gehienak egiteko.
Halaber, erreklamazioak ere egin ahalko dira aipaturiko lekuetan. Hala, mahaiak, hauteslekuak eta atalak banatzeko moduaren aurka erreklamazioak egiteko epea gaur amaituko da, eta erroldaren aurka agertzeko epa bihar. Horrekin batera, hauteskunde propagandaren posta bidalketak egiteko alderdiei ahalbidetzen zaien erroldaren kopietan sartzeko aukeraren aurka agertzeko epea ere bihar amaituko da.
Botoa posta bidez emateko aukerari lotuta, bestalde, uztailaren 13ra arteko epea dute herritarrek eskaera egiteko eta hilaren 19a izango dute botoa emateko azken eguna. Hauteskundeak udako oporraldi betean egingo direnez, botoa posta bide emango duten herritarren kopurua ohikoa baino altuagoa izatea espero dute.