Atzera kontua hasi da triatletentzat. Ordu gutxi batzuk bakarrik falta dira aurtengo Zarauzko Triatloiari hasiera emateko, eta Zarauzko Zinema pilotalekuan kirolariak pilatzen ari dira, bakoitzari dagokion dortsala hartzeko.
14:00etan emango zaio hasiera aurtengo triatloiari. Hain zuzen ere, Getariako Malkorbe hondartzatik hasiko dute proba. Aurrena emakumeak, eta hamar minutu geroago, gizonak abiatuko dira. Gainditu beharreko erronka ez da nolanahikoa izango: Getaria eta Zarautz arteko 2,9 kilometroko zeharkaldia igerian, 80 kilometroko ibilbidea bizikletaz eta 20 kilometroko korrikaldia herrian barrena.