Anjel Lertxundi idazleak aitortza berezia jasoko du datozen asteetan: batetik, Zarauzko Udalak Kultur Merezimenduaren Domina emango dio ekainaren 20an, asteartea, eta, bestetik, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) hari buruzko Udako Ikastaroa antolatu du ekainaren 29rako eta 30erako Donostiako Miramar jauregian; hori ere, Zarauzko Udalak lagunduta.
Ikastaroari Anjel Lertxundi: idazlea eta obra izena jarri diote, eta Zarautzen bizi diren Alex Gurrutxaga eta Beatriz Zabalondo EHUko irakasleek zuzenduko dute. Izenetik ondoriozta daitekeenez, idazlearen figura eta haren obra aztertzea izango da helburua, eta zabala izango da horretarako osatu duten hizlari taldea. Hamalau hizlari arituko dira denera.
Zentzu horretan, Gurrutxagak azaldu du Lertxundiren obra "oso ugaria" delako eta alderdi guztiak jorratu nahi dituztelako arituko direla ohikoa baino hizlari gehiago. "Helduentzako nahiz gazteentzako literatura egin du, zineman lan egin du, irakaskuntzan aritu da, prentsan ere bai... Gainera, eremu horietan aritu denean, guztiz finkatu gabe zeuden edo hasiberriak ziren". Horregatik, Gurrutxagaren aburuz, "ezinbestekoa" da Lertxundiren izena aipatzea euskal literatura garaikideaz hitz egiteko.
Hori horrela, Gurrutxagak dio "paradoxikoa" dela zeinen gutxi ikertu den eta zer-nolako oihartzun txikia eman zaion Lertxundiren obrari. Horregatik, Udako Ikastaroaren zuzendariak dio ikerketa horri "jarraipena ematea" ere badela euren asmoa: "Konexioak sortzeko, sarea eraikitzeko eta jakin-mina sortzeko balio dezaten nahi dugu".
Ildo beretik, Itziar Azkue EHUko Udako Ikastaroen zuzendariorde akademikoak gogoratu du "ezagutzaren alde" lan egitea dela, hain justu, beren helburu nagusietako bat. Azkueren hitzetan, horretarako beharrezkoa da "kezkak partekatzeko elkarguneak sortzea", eta bide horri jarraitzen dio egitasmoak.
Azkuek jakinarazi du, halaber, ikastaroa hasi aurreko egunean itxiko dutela izena emateko epea. 25 euro balio ditu inskripzioak, eta Udako Ikastaroen atarian (uik.eus) eman dezakete izena interesdunek. Zehaztu dutenez, plazen erdia baino gehiago bete dira jada, eta adin askotariko herritarrek eman dute izena. Antolatzaileen arabera, gaiak sortzen duen interes orokorraren isla da hori.
Omenaldia herrian
Miramarreko Udako Ikastaroaren aurretik omenduko dute Lertxundi Zarautzen. Irune Urbieta Kultur zinegotziak gogoratu duenez, "aho batez" erabaki zuen Zarauzko udalbatzak idazle oriotarrari Kultur Merezimenduaren Domina ematea, eta udaletxeko pleno aretoan egingo dute ekitaldia.
Horrez gain, beste saio berezi bat ere prestatu du udalak ekainaren 20rako Modelon: Idazle totala mahai ingurua. Bertan, idazlearen ibilbidea hainbat ikuspuntutatik aztertuko dute.
Halaber, Zarautzen kokatuta dagoen Tresak eta kordelak liburua ere jarriko du udalak herritarren eskura. Ekainaren 19tik aurrera eskura daiteke dohainik, Sanz Enea kultur etxean.
Jarduerak
- Ekainak 20
18:30. Zarauzko Kultur Merezimenduaren Domina emateko ekitaldia, udaletxeko udalbatzar aretoan. Uxue Alberdik hartuko du hitza, eta Jexuxmai Lopetegik musikarekin girotuko du.
19:30. Idazle totala mahai ingurua, Modelo aretoan. Andoni Egañak irekiko du, Danele Sarriugarte eta Iratxe Retolaza arituko dira solasean, eta Iñigo Astizek itxiko du. - Ekainak 29 eta 30
Hilaren 29an, egun osoan. Anjel Lertxundi: idazlea eta obra Udako Ikastaroa, Donostiako Miramar jauregian. Bingen Zupiria Kultura sailburuak inauguratuko du, eta mahai inguru eta hitzaldi ugari eskainiko dituzte.
Hilaren 30ean, 14:00ak arte. Ikastaroaren segida eta itxiera Lertxundiren hitzaldiarekin.