Aian duela bizpahiru aste jokatutako Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa irabazi zenuen. Nola sentitu zinen?
Egia esan, etxean pentsatutakoa egin nuen. Eguraldi ona izan genuen, eta beraz, gustura gelditu nintzen egindakoarekin. 36 aldiz altxatu nuen kopa, eta ondo sentitu nintzen saioan. Kubikoarekin, aldiz, gauzak ez zitzaizkidan nahi bezala atera, eta apur bat sufritu nuen harri horrekin. Bola 31 aldiz altxatu nuen, eta horrekin ondo sentitu nintzen berriro; buelta eman nion.
Harri moten artetik, kubikoa al da lan gehien ematen dizuna?
Ez, ez nuke esango horrela denik. Kubikoa gustatzen zait, eta nahiko ondo moldatzen naiz harekin, baina, azken finean, asko eragiten du harria altxatu ondoren duzun aldarteak. Hor dago aldea. Aurreko harria altxa eta gain hartzen badizu, ondorengo lanetan ez duzu errendimendu bera edukitzen.
Bederatzi harri jasotzailek parte hartu zenuten saioan. Nola ikusi zenituen aurkariak? Estutu al zintuzten?
Bai, bai. Guztira altxatutako kiloetan aldea egon daiteke, baina jasoaldiei erreparatuta, aldea txikiagoa da. Egun txarra baduzu eta emaitzak ez badira zuk esperotakoak, gainean izaten dituzu aurkariak, eta hori nabaritu egiten da. Nik uste dut Paulo Azpiazuk eta Beñat Telleriak asko hobetu dutela, eta hemendik aurrera, kontuz ibili beharko dut haiekin.
Entrenamenduei gogor eustea izango da, orduan, hor goian mantentzeko gakoa, ezta?
Bai. Aurten geldialdi batetik nator, eta entrenamenduetako erritmoa ez da beste urteetako bera izan. Dena den, astean bitan elkartzen gara harria jasotzeko, eta pisuak altxatzen ditugu beste bi egunetan. Horrez gain, mendian korrika ibiltzen naiz denbora librea dudanean.
Gipuzkoakoaren ondoren, abuztuaren 18an jokatuko duzue Euskadiko Harri Txikien Txapelketa. Azken bostak zuk irabazi dituzu jarraian. Seigarrenaren bila joango al zara aurten?
Bai, helburua, zalantzarik gabe, hori izango da. Hala eta guztiz ere, aurten zailagoa izango dela iruditzen zait. Aurkarien maila geroz eta altuagoa da, eta horrek bidea zailtzen du. Urte asko daramatzat mundu honetan, eta badakit gutxi gorabehera non ibiliko naizen, baina beste batzuek oraindik asko dute hobetzeko, eta ezin da jakin zer egingo duten. Dena den, saiatu, saiatuko gara helburu hori lortzen.
Jose Antonio Gisasola Zelaik zazpi eta Aimar Irigoienek bederatzi garaikur dituzte txapelketa horretan. Haien markak haustea al da zure helburua?
Beti egiten du ilusioa txapel gehien dituena norbera izateak, baina nahiago dut urtez urteko helburuetan arreta jartzea. Lan ona egiten saiatzea izaten da nire helburua, eta gero txapelak badatoz, askoz hobe.
Kopuru aldetik ez duzu zuk errekorra, baina bai denbora aldetik. Denbora oraindik eta gehiago hobetzeko tarterik ba al dago, ordea?
Lehen esaten nuen ez zegoela, baina orain baietz esango nuke. Oso-oso zaila da, baina beti dago tartetxo txiki bat hobetzeko. Aurreko urtean oso ondo prestatuta joan nintzen txapelketara, eta marka haustea lortu nuen. Aurten, modu berean iristen banaiz, saiatuko naiz.
Aurreko asteburuko Hiru Hamarreko Harri Jasotze Txapelketan bigarren postuan gelditu zinen, Paulo Azpiazuren atzetik. Gustura geratu al zinen egindakoarekin?
Lehen harriarekin lanak ondo egin nituen eta oso gustura gelditu nintzen, baina izugarrizko beroa egiten zuen, eta kubikoarekin mailaren azpitik ibili nintzen, nabarmen. Hor egin zidan ihes txapelak. Horrelakoa da kirol hau, beti ezin da irabazi.
Txapelketa zehatzei buruz mintzatu zara, baina orokorrean, zein dira zure aurreikuspen edo helburuak urte honetarako?
Txapelketa asko daude, eta niretzat garrantzitsuenak Gipuzkoako eta Euskadiko Harri Txikien Txapelketak badira ere, guztietan nire helburua maila ona ematea da, batzuetan txapela eskuratuta, eta besteetan ez.
Orokorrean, uda sasoi gogorra izaten da, ia astero izaten dugulako zerbait, baina polita ere izaten da, eta disfrutatzen saiatzen naiz. Azken finean, gustatu egiten zaigu mundu hau, eta gure txapelketak ez direnean taldeko beste kideenak izaten ditugu, eta horietan ere laguntzen ibiltzen gara.