'Parean eta pareko'

Saregile berrien amarauna

Andrea Zipitria 2023ko eka. 9a, 11:00

Gizartea eraldatzen ari den honetan, ogibide batzuek indarra galdu dute, baina berriak ere sortu dira. Azken hamarkadako saregile berriak bilakatu dira eduki sortzaileak. Julen Portillo eta Nerea Rodriguez zarauztarrak dira horietako bi: euskal TikTokerra da lehena; komunikazio politikoan aditua bigarrena. UKTren ekaineko tokiko aldizkarietan argitaratutako GUKA ataleko edukia da elkarrizketa. 

Zarauztarrak dira biak ala biak, eta badute beste zerbait ere komunean: eduki sortzaileak dira. Julen Portillo (1994) euskal tiktokerra da, eta Nerea Rodriguez (1978) komunikazio politikoan aditua. Rodriguezek hainbat entitateren sare sozialak kudeatzen ditu gaur egun, hori du momentu honetan ogibide. Portillo, berriz, denbora librean ibiltzen da TikTokerako edukiak sortzen; diru sarrerak lortzen dituen arren, ezin du horretaz bizi. 

Zer esan nahi du sare sozialetako eduki sortzailea izateak? Nolakoa da zuen eguneroko bizimodua? 

J.P.: Ez dakit nondik hasi definitzen. Oso zaila egiten zait. Azkenean, noiztik aurrera zara eduki sortzailea? Edukia sareetara igotzen duen pertsona bezala definitzen dut nik nire burua; hau da, edukiak igotzen dituen beste edozein bezala. Nire egunerokotasuna zera da: lanera joan, zortzi ordu bete eta denbora librean bideoak igo. Eta noski, disfrutatu. 

N.R.: Nire kasua ezberdina da. Julenek bere sare sozialetan partekatzen ditu egiten dituen edukiak, baina nik beste pertsona batzuentzat egiten ditut edukiak. Eduki horiek askoz ere planifikatuagoak direla esango nuke, eta baliabideak ere, agian, ezberdinak dira. Nik eduki sortzailea komunikatzeko beste bide bat bezala definituko nuke; eduki sortzailea da sareetan edukiak sortzen dituena.   

Bi ikuspuntu ezberdin azaldu dituzue. Zuen iritziz zein da zuen jardunaren alderik onena eta txarrena? 

J.P.: Txarrena, jendeak zutaz barre egitea. Azken aldian, hori pertsonalki asko ari zait eragiten. Baina alde onak ere baditu. Positiboena herritarrei nire edukiak gustatzea dela esango nuke. 

N.R.: Egunero abentura berri bat dagoela martxan da niretzat positiboena edo behintzat gehien gustatzen zaidana. Leku ezberdin asko ezagutzeko aukera ematen du ogibide honek, eta esango nuke alderdi emozionala ere baduela, ikuspegi positibotik begiratuta. Okerrena, berriz, eduki bat egin eta ez funtzionatzea da nire iritziz. Adibidez, igotako edukia jende gutxik ikusten duen kasua aipatuko nuke. Hori bai, alde positiboak negatiboak baino gehiago dira nire ustez. 

Nolabait esateko, besteen menpe ere bazaudete. Batzuk saiatzen dira, baina arrakasta ez dute guztiek lortzen: zein da arrakasta lortzeko sekretua? 

N.R.: Niri interesatzen zait eduki batek zer-nolako erantzuna edota babesa duen jakitea, hori izaten baita askotan lana ondo egin duzun seinalea. Dena den, ez da beti horrela izaten. Garrantzitsuena beti koherentzia mantentzea da, lan fina eta ona egitea. Izan ere, arrakasta ez dago hain nire esku. Profesionala ere izan behar duzu, eta ezinezkoa da, esaterako, bideo bat gaueko ordu txikitan igotzea. Ziur nago zuk ere kontuan hartzen duzun zerbait dela hori, Julen. Horrenbestez, egindako lan batekin gustura geratzea da arrakasta.  

J.P.: Nereak esandakoa azpimarratu nahiko nuke. Askotan, sareetara igo aurretik, eduki batek arrakasta izango duela uste duzu, baina ez da hala izaten beti. Ni euskarazko edukia egiteko helburuarekin hasi nintzen egiteko honetan. Egun batean 50.000 ikustaldi izaten ditu bideo batek, eta hurrengoan, berriz, mila ikustaldi beste batek.  

Edukiek arrakastarik izaten ez dutenean, eragiten al du zuengan?  

N.R.: Harrotasun puntu horretatik, gure bihotzean eragiten duela esango nuke. Kontua da influencer handien kasuan askoz ere handiagoa dela eragina. Guk ez ditugu influencer horiek dituzten bezalako helburuak.   

J.P.: Halako helburuak noski ez ditugula, baina arrakasta ezak badu eragina nigan. Orain ez hainbeste, baina izan ditut oso onak izan ez diren hilabete batzuk. Guztia begiratzen ibiltzen nintzen: jarraitzaileak galtzen nituen ala ez... Nire osasun mentalari kalte egiten ari nintzela ohartu nintzen momentu bat iritsi zen, eta hori makro influencer horiekin alderatuta, ez naizela inor. Ez dut imajinatu ere egin nahi nola eragingo dien arrakastak haiei.

N.R.: Makro influencer-ak metriken oso esklabo dira. 

Influencer-en gaia jarri duzue mahai gainean. Gaur egun, gazte askok esaten dute handitan influencer izan nahi dutela. Askok, gainera, halako pertsonaiak dituzte idolotzat. Erraza al da sare sozialetako jardun horretatik bizitzea? 

N.R.: Saiatuta ez duzu lortuko inoiz influencer-a izatea; berezko zerbait eduki behar duzu. Gaur egun, hainbeste profilekin zaila da zurea zerbaitegatik bereiztea. Zerbait ezberdina eskaini behar duzu edo bideo batek oso ongi funtzionatu behar du makro influencer bilakatzeko. Gainera, marka asko mikro influencer-ekin hasi dira lanean. Gazteei esango nieke ez pentsatzeko izugarrizko influencer-a izatearekin; izan zaitezte zuen kaleko edota auzoko influencer-ak.

J.P.: Bideo bat birala egitea ez da hain zaila gaur egun. TikToken ikustaldi asko izaten dituzte bideoek, baina behin ikustaldi asko lortuta, zaila da horretan mantentzea. Ez da hain zaila lehenengo bideoan originala izatea, baina asko egin behar baldin badituzu... Hor dago koska. 

N.R.: Horri jarraiki, gaur egun dena ikusita dagoela gehituko nuke. Askotan, eduki txar asko saltzen dituzte, eta ildo horretatik ezin da tira.

Noiz ireki zenuen TikTokeko kontua, Julen?

J.P.: Pandemia hasi berria zela sortu nuen kontua, isilpean gainera. Hasieran lotsa ematen zidan TikToka nuela esateak, baina gero ikusi nuen herritarrei asko gustatzen zitzaiela, eta lasai hasi nintzen esaten. Gainera, lehen hala uste nuen eta orain ere bai, iruditzen zait sare sozial guztietan onena dela TikTok. Gaur egun, 9.000 jarraitzaile pasatxo ditut, eta edukiak euskaraz egiteko, ez dago batere gaizki. 

Eduki guztiak euskaraz egiten dituzu. Zergatik?

J.P.: Hautu politikoa da, nire hizkuntza delako euskara. Askotan ematen du euskaraz ezin dela regetoia egin, ezin dela umorea egin... Baina euskal kultura ez da trikitia, bertsoak eta esku pilota bakarrik. Falta da euskarazko prentsa arrosa, adibidez. Falta da dena gure hizkuntzan egitea. Zergatik euskaraz? Galdera horri beste galdera batekin erantzungo nioke: zergatik ez? 

Inoiz sentitu al duzu beste hizkuntza batean aritzeko beharrik?

J.P.: Ez. Orain dela gutxi ETB2ko Akelarre saiotik deitu zidaten, bideo laburpen bat egiteko esanez. Oso ondo iruditu zitzaidan proposamena, baina baldintza bakarra jarri nien: euskaraz egingo nuela. Zertarako egingo dut gaztelaniaz? Nire audientzia euskalduna da, eta sortzen dudan edukia haientzako da. 

Sare sozial asko daude, baina zeinetan sentitzen zarete erosoen?

J.P.: Nik esan dut... [barrez].  

N.R.: Nire sare sozialik gustukoena Instagram dela esango nuke. Hala ere, Youtubek txoko handi bat du nire bihotzean. Izan ere, bere garaian, Youtuben banuen kontu bat, jarraitzaile askorekin; oso ondo funtzionatzen zuen. Orain, bideo guztiak borratu egin ditut, txorakeria dezente egiten nituen-eta garai hartan. Gaur egun ere, Youtube Instagram baino gehiago erabiltzen dut. Dena den, lanean gehien erabiltzen dudan sare soziala da Instagram. 

Zergatik utzi duzu alde batera Youtubeko kanala?

N.R.: Momentu batean egiten dituzu gauzak gustura, baina urte batzuk pasatu ondoren ez zara hainbeste identifikatzen pertsona horrekin. Izan ere, denok joaten gara garatzen eta aldatzen. Youtubeko kanalean banituen, esaterako, ile beltzarekin agertzen nintzen bideo batzuk, eta urte asko dira jada ez dudala nire burua ile beltzarekin ondo ikusten. Orduan askoz ere gazteagoa nintzen, eta ez nuen umerik; gaur egun beste pertsona bat naiz. Horregatik ezabatu nuen kanala. Garai berriak dira, eta edukia ere aldatu egin behar da. Lehen esan dudan bezala, orain Instagram erabiltzen dut batik bat, eta gehienbat lanerako, gainera; nireak ez diren beste profil batzuk kudeatzen ditut. Instagrameko kontu pertsonalari dagokionez, orain dela urte batzuk Telecincon aritu nintzen lanean, eta ordutik jarraitzaile asko ditut, baina argazki bakarra daukat igota. Momentuz kontua mantendu egin nahi dut. Agian, egunen batean hasiko naiz edukiak-eta igotzen. 

Nerea, komunikazio politikoan aditua zaren aldetik, gomendiorik emango al zenioke Juleni?

N.R.: Bere marka euskara bada, horri eusteko esango nioke. Gaur egun oso zaila da besteengandik desberdintzea, eta marketin eta komunikazio arloetan aritzen garenok garrantzi handia ematen diogu markari.

"Zertarako egingo dut gaztelaniaz? nire audientzia euskalduna da, eta haientzat sortzen dut edukia"

"Duela hilabete batzuk psikologoan hasi naiz; sare sozialetako gauzak niregan eragina zutela ikusita"

"TikToketik diru-sarrerak baditut, baina gaur egun zaila da horretaz bizitzea"

Hizkuntza aipatu duzunez, zu, Nerea, gehiago aritu zara erdal munduarekin harremanetan...

N.R.: Bai, hala da. Nire ama hizkuntza gaztelania da, nahiz eta euskara ondo menperatu eta euskara erabili kalean zein lanean. Zerbait naturala izan behar duenez, sare sozialetan gazteleraz hitz egitea ateratzen zait niri. Azken finean, bizitza errealean duzun egunerokoaren isla izan behar du sare sozialetan jartzen duzunak, ezin duzu artifiziala izan sareetan. 

J.P.: Ñabardura bat egin nahiko nuke horren inguruan. Herritar askok pentsatzen dute nire ama hizkuntza euskara izan dela betidanik, baina ez da hala. Nire familian bi kide soilik gara euskaldunak: anaia eta biok. Gurasoak extremadurarrak dira, eta nik etxean gazteleraz hitz egiten dut, baina erosoago sentitzen naiz euskarazko edukia sortzen. 

 

Irudiaren gaia aipatu duzue. Sare sozialetan ikusten den guztia ez dela erreala esan ohi da. Zer iritzi duzue horri buruz? 

N.R.: Bi joera daude. Influencer-ek igotzen dituzten irudiak marketinari oso lotuta egoten dira, eta zentzu horretan, ez dute hainbesteko askatasunik izaten beraiek nahi dutena egiteko. Nik ez ditut inoiz marka handiak atzetik izan, eta halakoetan, naturalago izaten dira kontuak. Ez zara iragarki bat, pertsona bat baizik. 

J.P.: Sare sozialetako Julen ez da pertsonaia bat, baina kalean baino gehiago esajeratzen dut. Askok uste dute txisteak egiten pasatzen dudala eguna, baina ez da horrela. Ni, berez, pertsona lasaia eta lotsatia naiz. Herritar askok ez dakite bizitza erreala eta sare sozialetakoa desberdintzen. 

Markaren batek jo al du zuengana publizitatea egiteko eskatuz? 

N.R.: Bai, baina markak baino gehiago agentziak dira guztiaren atzean daudenak. Agentziek nolabait marka ezberdinekin kolaboratzen dute, eta influencer jakin batzuekin hitzartuta edukitzen dute kontratua. Azkenean, negozioa da hori ere. Garai batean, agentzia batekin egin nuen lan, baina oso gutxi iraun nuen; hilabete bat, gutxi gorabehera. Ez dut horretarako balio. 

J.P.: Markekin ez dut lan egin, baina izan ditut diru sarrerak, gehienbat, Eusko Jaurlaritzaren edota Gipuzkoako Foru Aldundiaren partetik. Izan ere, euskara sustatzeko hainbat egitasmo egiten dituzte horiek. Duela bi urte, nire produkzio bat alde batera utzi behar izan nuen, sareetan soilik jarduteko. Urte eta erdiz eutsi nion jardun hari, baina ikusi nuen ezin nuela bizitza harekin jarraitu. Oraindik ere izaten ditut diru sarrerak, baina oso ezberdina da; izan ere, gaztelaniaz aritzen diren nfluencer-en bueltan askoz ere diru gehiago mugitzen da. Hala ere, euskararen alde egiten den apustua gero eta handiagoa da, eta hori eskertzekoa da. 

Diru sarrerak tarteko, presioa sentitu duzue noizbait? 

N.R.: Orokorrean, ez. Baina lehen aipatu dudan agentzia harekin lanean hasi nintzenean, sentitu nuen nolabaiteko presioa. Haiek esaten zidaten zer egin behar nuen, eta hori ez zitzaidalako gustatzen hartu nuen haiekin lanean ez jarraitzeko erabakia. 

J.P.: Nik ere ezetz esango nuke. 

Sare sozialetan pertsonari ala haren itxurari ematen zaio garrantzi handiagoa?  

N.R.: Pertsona guztiok gauza ezberdinak kontsumitzen ditugu sare sozialetan. Horrenbestez, pertsonaren eta jarraitzen dituzun profilen arabera, garrantzia ematen diozu gauza bati ala besteari. Lanean kudeatzen ditudan profiletan sortzen dudan edukia kontsumitzen duten pertsonek mezuari ematen diote garrantzia, adibidez. Gazteagoa nintzenean, aldiz, garrantzi handiagoa ematen nion irudiari. Gaur egun, denetarik aurkitu dezakezu sare sozialetan. 

J.P.: Nik ez dakit galdera horri erantzuten, handi geratzen zait gaia. 

Irudiak, orduan, badu gazteengan eragina?  

N.R.: Zalantzarik gabe. Gainera, hori ez dut nik bakarrik esaten. Gaiaz ikerketa asko egin dira, eta adituek esaten dute sare sozialetan ikusten denak eragin zuzena duela gazteengan. Leku askotatik etor daiteke influentzia hori, gainera. Nik neuk ere erabili izan ditut filtro surrealistak batzuetan; halako gauzak eginda, gazte askok pentsa dezakete hori dela irudi erreala, baina ez da hala. Bestalde, sare sozialetan ciberbullyinga egiteko aukera dago. Eskoletan horri buruzko pedagogia lan handia egin behar da, eta gazteei erakutsi behar zaie egoera horiek nola kudeatu. Matematikako eskolen pare jarri beharreko gauza da hori. Gazteek tresnak behar dituzte, eta guk ere bai, baina urteekin gauzak ezberdintzeko buru gehiago izaten da normalean. Gaur egun ez du balio pertsona bat eskolara joan eta hitzaldi bat eskaintzeak; hori ez da nahikoa. Gazteengan eragin handia dute sare sozialek, eta hori eskoletan ondo landu beharreko zerbait da. 

Sare sozialetan aldaketarik ikusi al duzue azken urteetan?  

N.R.: Bai, eta ez nik bakarrik, gizarte guztiak baizik. Gauzak nahiko bare zeudela pentsatzen genuenean, TikTok azaldu zen; Facebook, berriz, itzalean geratu da. TikTok iraultzailea izan da; bai musikaren munduan, bai marketin arloan... Lehen asko saltzen ziren eduki luzeak, eta gaur egun, gauza bat ikusten ez ditugu hogei segundo ere irauten. Facebook sortu zenean, lagun artean barre egiteko eta komunikatzeko erabiltzen zen, baina gaur egun, sare sozialak komunikatzeko tresna garrantzitsu bilakatu dira. Edonork ditu sare sozialak, herrialde desberdinetako presidente guztiek, adibidez; denek komunikatzeko erabiltzen dituzte beren profilak. 

J.P.: Bai, aldaketa handia izan da. Gaur egun bizi dugun egoeran hogei segundo ere ez ditugu jasaten bideo bati begira. Pentsa, Youtubeko iragarki bat bera ere ez dugu ikusten. Oso zaila da guztia; izan ere, bi edo hiru segundo dituzu ikus-entzunleen begietatik sartzeko. 

Hori kontuan izanik, nola moldatzen zara jarraitzaileen arreta lortzeko, Julen?  

J.P: Uste dut euskarazko edukiak egiten ditudalako lortzen dudala arreta piztea. Herritarrak hizkuntzarekin identifikatuta sentitzen dira. Gainerakoan, ez dut ezer ezberdina egiten. Horrekin jarraituta, esango nuke gaur egun ez dela hain zaila TikToken jarraitzeaileak lortzea. Hiru edo lau bideo biral egiten badituzu, nahikoa jarraitzale eskuratzen dituzu.  

Edozerk balio al du jarraitzaileak lortzeko?  

J.P.: Edozerk. Askoren helburua ikustaldiak lortzea da, eta horretarako edozer egiten dute. Edukiak ikusita, edozer gauza pentsa dezakezu haiei buruz, baina beraiek gustura egoten dira bideoa ikusi izanagatik bakarrik. 

N.R.: Edozerk balio du, bai. Gaur egun denetarik egiten du jendeak. Ez dakit ona ala txarra den, baina gure arreta bereganatzea lortzen dute. Neuk ere askotan ikusi izan ditut halako edukiak, ez dut gezurrik esango; are gehiago, argazki bat ateratzerakoan bizitza galdu dute sare sozialetako erabiltzaile batzuek. 

J.P.: Nereak aipatutakoari gehituko nioke sare sozialek onartu egiten dutela horrelako edukiak zabaltzea. Hori agian, mugatu egin beharko litzateke, zer dagoen ondo eta zer gaizki zehaztu. 

N.R.: Instagramen nahiko zorrotz dabiltza mugekin, ezin duzu ezer erakutsi. 

J.P.: Hala da. Emakume batek titiburuaren zati txiki bat erakustea ez dute onartzen Instagramen, baina gero jendeak ikaragarrizko gauzak egiten ditu eta horiek onartu egiten ditu. 

N.R.: Horretan bat nator zurekin, Julen. Guztiok dakigu titiburuen gaiak zer-nolako iskanbila sortu duen. Titiburuak erakusten uzteko mugimendu bat ere izan da tartean, baina ez dute ezer lortu. 

Teknologiak bere alde onak baditu, baina arriskuak ere bai. Horri lotuta, Nerea, bizi izan zenuen esperientzia nahiko gogor bat. Jendea ezagutzeko aplikazio batean identitatea ordezkatu zizuten...  

N.R.: Bai. Pertsona bat nirekin jarri zen harremanetan, eta esan zidan Tinderren ikusi ninduela. Nik ez dut inoiz Tinder erabili, baina norbaitek Instagramen nituen argazkiak hartu eta profil bat sortu zuen Tinderren. Jada ez naiz oroitzen profil faltsu hartan jarri zidaten izenaz, baina A Coruñakoa nintzela zioen eta nituenak baino urte gutxiago nituela ere bai. Hori ikusita, salaketa jarri nuen, baina gaur arte ez dut ezer jakin gaiaz. Ez didate ez deitu, ez gaia aztertu dutenik esan, ez ezer. Horrekin esan nahi dudana da sare sozialetan jartzen dugunarekin ere kontuz ibili behar dugula; izan ere, gero sareetan geratzen dira argazki horiek, eta auskalo nora iristen diren. 

J.P.: Niri ez zait halako ezer gertatu, eta espero dut etorkizunean ere halakorik ez pasatzea. Uste dut halako gauzak erraztasun handiagoarekin egiten zaizkiela emakumeei. Emakume baten irudiak gizon batenak baino gehiago saltzen du, zoritxarrez.

"Instagram da nire sare sozialik gustukoena; baina Youtube kontsumitzen dut gehien"

"Youtuben kanal garrantzitsu bat nuen, baina bideo guztiak borratu ditut"

"Gazteengan eragin handia dute sare sozialek, eta hori eskoletatik ondo landu beharreko zerbait da."

Sare sozialetan sexuen arteko arrakala hori badagoela pentsatzen al duzue?  

N.R.: Bai. Sare sozial neutralez jardun gara, baina badira hain argiak ez diren beste batzuk. 

J.P.: Bai, badago, eta ez nuke jakingo arrakala hori handitu edo txikitu egin den esaten. OnlyFans sare soziala nahiko zeresan ari da ematen zentzu horretan, adibidez. Ikaragarria da jendeak dirua irabazteko zer gauza egiten dituen... Sare horietan dauden pertsona guztiak benetan nahi dutelako al daude? Hori da nire galdera.   

Halako sare sozial berriek beldurra ematen al dizuete?  

N.R.: Beldurra ez da hitza, baina erregulatu eta arautu egin behar dira horrelako gauzak. Gazteak daude tartean, eta pornografiaz hitz egiten da askotan. Gaur egun kontsumitzen den pornografia min handia ari da egiten gazteengan. 

J.P.: Sare sozial guztietan arautu behar dira gauzak, ez batzuetan bakarrik. 

Emozionalki sortzen al dute eraginik sare sozialek?  

N.R.: Bai, onerako eta txarrerako.  

J.P.: Bai, dudarik gabe. Duela hilabete batzuk ikusi nuen sare sozialetako gauzek eragina zutela nigan, eta psikologoarengana joaten hasi naiz. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide