Zarauzko Harribolak ezagutzeko txokoa ahalbidetu du udalak Sanz Enea kultur etxearen aurrealdean. Ingurumen departamentuak bultzatu du ekimena eta hainbat harribola eta informazio panela jarri dituzte harri berezi horiek nondik datozen azaltzeko; izan ere, "garai bateko kostalerroa zein zen zehazten digute", Bixente Iribar Euskal Herriko Unibertsitateko Geologia irakasle zarauztarraren arabera.
Zehaztu dutenez, herriko hainbat zonaldetan egin dituzten indusketetan agertu dira harribola horiek, 2020an Salberdingo etxebizitzak eraikitzeko egin zituzten lanetan, adibidez. Dena den, Iribarrek argitu du "toki zehatzetan" aurkitu dituztela eta ez indusketak egin izan dituzten aldiro, eta, horregatik direla bereziak: "Herritarrek ezagutzen dituzten harriak dira honakoak, zeren, Getariara paseoan joanez gero, itsasertzeko harraldeetan ikusi ditzakete. Zarautzen, ordea, ez dago harralderik eta lautadaren erdian agertu dira eta hori da berezitasun handiena, nonbaitetik etorri direlako".
Gehiago ere zehaztu du geologo zarauztarrak: "Atera dugun ondorioa da aurkitu ditugun harribolak Santa Barbaratik erori zirela gaur egungo moilaren parera, luizi baten ondorioz ziurrenik, eta olatuek bultzatu zituztela gero. Ibilbide hori bueltaka egin zuten eta higadura horregatik hartu dute forma biribila". Hori gutxi balitz bezala, harriek izan dezaketen adina ere zehaztu du Iribarrek: "Itsas ezkurrak agertu dira harrietan eta fosil horiek adierazten digute, batetik, kostaldekoak direla, eta, bestetik, 5.000 urte inguru dituztela".
Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak gogoratu du, halaber, harribolak Sanz Enea aurrealdean jarri aurretik lehenago ere kokatu izan dituztela herriko beste hainbat gunetan: "Biribilguneak edo lorategiak apaintzeko erabili izan ditugu, eta herritar batek ideia eman ondoren erabaki dugu panela jartzea harribola horien sorrera azaltzeko. Uste dugu pertsona askorentzat interesgarria izan daitekeela. Azken finean, ekosistemei buruz hitz egiten dugunean arlo biologikotik hitz egin dugu beti, baina geologiak ere eragin zuzena du zientzia naturala delako".