Zarauzko Jira-Bira Eulen-Nuuk txirrindulari taldeak egutegiko lasterketa berezienetako bat jokatuko du bihartik aurrera: Nafarroako Itzulia. Lau etapa korrituko dituzte igandera bitartean eta David Etxeberria zuzendariaren esanetan, biharkoa izango da "etaparik errazena, hasiera batean". Halaber, luzeena ere izango da: 160 kilometrokoa Lodosan hasi eta amaituta.
Nafarroako Itzuliko ibilbide osoa bertatik bertara ikusi dute Zarauzko taldeko txirrindulariek joan den hilean bertan egin zuten egonaldia baliatuta, eta Etxeberriaren hitzetan iazkoa baino "eramangarriagoa" izango da aurtengoa. Horregatik, "irekiagoa" ere ikusten du zuzendariak sailkapen nagusiari begira.
Zentzu horretan, Etxeberriak uste du ostiralean jokatuko duten bigarren etapa izango dela lasterketako garrantzitsuenetakoa. 137 kilometro egingo dituzte txirrindulariek eta Artikatik abiatu eta Berriobeitin helmugaratuta eta bost mendate igoko dituzte bidean. Larunbatean, berriz, 136 kilometroko ibilbidea egingo dute Iruñean hasi eta amaituta, eta "ihesaldia iristeko etapa aproposa" iruditu zaio Eulen-Nuukeko zuzendariari.
Laugarren eta azken etapari begira, sailkapen nagusiko lidergoa duen taldearentzat "kontrolatzeko zaila" izango dela Etxeberriak mugimendu asko izan daitezkeelako ibilbideko ia 15o kilometroetan. Horren harira, Etxeberriak iritzi du igandekoa etapa egokia dela bosgarren eta hamabosgarren postuen artean dauden txirrindulariek sailkapena irauli dezaten.
Penatuta ere agertu da Eulen-Nuukeko zuzendaria; izan ere, Castellóko (Herrialde Katalanak) itzuliarekin bat egingo du Nafarroakoak eta Zarauzko taldeak biak lehiatzeko aukera zuen arren, baztertu egin behar izan du bat: "Maila handiko lasterketak dira biak eta datetan bat etortzea kaltegarria da bai lasterketentzat, baita taldeentzat ere".