El Salvadorren Munduko Surf Txapelketa jokatzen ari diren lau zarauztarrek bizi-bizirik jarraitzen dute; izan ere, azken orduotan jokatu dituzten kanporaketak gainditzea lortu dute guztiek. Hala, Aritz Aranburu eta Keoni Lasa hirugarren txandarako sailkatu dira eta Adur Amatriain eta Nadia Erostarbe bigarrenerako.
Adur Amatriain izan da bere kanporaketa gainditzeko zailtasun handienak izan dituena, bere txandako bigarren sailkatua izan da eta azken olatuan lortu du Elder Vega guatemalarra gainditzea. Amatriainek gaur bertan jokatuko du bigarren kanporaketak, Euskal Herriko 17:45etik aurrera, eta Manuel Selman txiletarra, Saori Perez dominikarra eta Jordy Smith hego afrikarra izango ditu aurkari.
Nadia Erostarbek ere lortu du lehenengo kanporaketa gainditzea. Bere txandako surflari onena izanda lortu du, gainera, bi olatu onenak gehituta 12.83 puntu bildu ondoren. Hark ere gaur jokatuko du bigarren kanporaketa, Euskal Herriko 21:36ean Australiako Ellie Harrison, Italiako Giada Legati eta Zelanda Berriko Paige Hareb-ren aurka.
Erostarbek bezalaxe Aranburuk eta Lasak beren txandak lehenengo postuan amaitu ondoren dute aurrera. 12.33 puntu lortu ditu Aranburuk eta 11.10 Lasak. Bada, aurkari gogorra egokitu zaio Aranbururi hurrengo kanporaketan; izan ere, munduko txapelketa hirutan irabazi duen Gabriel Medina brasildarra izango du aurrean. Medinarekin batera, Sebastián Hernández mexikarra eta El Salvador bertako Daniel Monterrosa gainditu beharko ditu Zarauzko surflari beteranoak. Lasa, berriz, Ido Arkin israeldarraren eta Reo Inaba eta Taichi Wakita (japoniarren aurka arituko da.