Herri kirolak hartuko ditu Izarraitz pilotalekuko kantxak datorren igandean, 12:00etatik aurrera. Aizkorako lau final jokatuko dituzte Urrezko Aizkolarien 26. Banakako Txapelketa Eusko Label sarian, Urrezko Harri Jasotze Txapelketako bi final izango dira, eta harri jasotzeko marka saiakera ere egingo du Maddi Gesalagak. Ehun kiloko bi harriak jasotzeko erronkari helduko dio 14 urteko harri jasotzaile zarauztarrak.
Hori eta beste hainbat berrikuntza izango ditu jaialdiak eta sarrera bakoitzeko Errioxako ardo botila bana ere jasoko dute ikusleek. Sarrerak egunean bertan salduko dituzte Izarraizko leihatilan, 25 euroan.
Aipatu txapelketetan parte hartuko duten zarauztarrei erreparatuta, Hiru Hamarreko Harri Jasotze Txapelketa jokatuko dute Xabat Olaizolak eta Mikel Lopetegi Urra-k. Harri errektangularra, zilindroa eta bola altxatu beharko dituzte eta Paulo Azpiazu osintxuarra (Bergara, Gipuzkoa) ariko da haiekin batera.
Harri jasotzen, era berean, Binakako Emakumeen Harri Jasotze Txapelketan ariko dira Ainitze Zumeta eta Lierni Osa Karmele Gisasola Zelai III.a mallabiarrarekin (Bizkaia) eta Lucia Orbe bilbotarrarekin nor baino nor.
Urrezko aizkolariak
Esan bezala, berrikuntza gehiago ere badakartza igandeko Azpeitiko hitzorduak. Horien artean Jakes Iruretagoiena Izeta V.a partaide izango duen 15 urtez azpiko mutilen Urrezko Aizkolarien Txapelketa. Behin baino ez dute jokatu, 2011ko denboraldian, eta antolatzaile berreskuratzea erabaki dute aurten. Izeta Vak Jon Zaldua zumarragarra eta Unai Romairone espainiarra izango ditu aurkari.
Aizkoran, halaber, urrezko aizkolarien mailako finala iazko txapeldun Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak, Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Iker Vicente otsagabiarrak (Nafarroa) jokatuko dute. Alberdik bi urtez du irabazita urrezko aizkorako txapelketa, baita Vicentek ere; azken horrek, ordea, 2019an irabazi zuen azkena.
23 urtez azpikoen aizkora txapelketa Hodei Ezpeletak (Eibar, Gipuzkoa), J. Urretabizkaia Basozabal-ek (Donostia) eta Xuban Kañamaresek (Aroztegi, Nafarroa) jokatuko dute. 18 urtetik beherakoen txapelketan lehiatuko diren hiru aizkolariak gipuzkoarrak dira: Igoin Pikabea hernaniarra, Unai Etxeberria Osinalde ezkiotarra eta Kimetz Oñederra Aittola debarra.