Txaparrotaneko haurren txapelketan izena emateko epea itxita, zabaldu dute helduena

Jabi Gonzalez Toston 2023ko maiatzaren 31

Txaparrotan hondartzako eskubaloi txapelketeko helduen neurketa. (Zarauzko Hitza)

Interesdunek gaurtik egin ditzakete inskripzioak, baina aurreko edizioekin alderatuta, aurtengoan, talde bakarrean egin ahalko du jokalari bakoitzak.

Txaparrotan Hondartzako Eskubaloi Txapelketan parte hartu nahi duten kadete mailatik gorako herritarrek jada egin dezakete. Atzo itxi zuten haurrentzako aurre-inskripzio epea eta gaur 09:00etan zabaldu dute helduena. Ekainaren 4a, igandea, izango da inskripzioak egiteko azken eguna. Txapelketa, berriz, uztaileko bigarren asteburuan jokatu dute. Uztailaren 8an eta 9an, alegia.

Izen emateari lotuta, era berean, antolatzaileek jakinarazi dute aurten izango dela berrikuntzarik aurreko urteetako edizioekin alderatuta: "Inor txapelketan parte hartzeko aukerarik gabe geratu ez dadin, talde bakarrean aukera izango dute jokalariek". Zentzu horretan ohartarazi dute, partaideren batek bi taldetan izen-ematen badu, "bi taldeetatik kaleratua" izango dela. Halaber, zehaztu dute talde mistoak apuntatzen badira, ahal dutena egingo dutela lehenengo partidak talde mistoen artean jokatu daitezen. Bada, neurketak zehazteko zozketa ekainaren 6an, asteartea egingo dute.

Izena eman ondoren Txaparrotan txapelketa jokatu ahal izateko egin beharreko ordainketari dagokionez, antolatzaileek ohartarazi taldeek ez dutela ordainketarik egin behar onartuak izan arte. Behin onartuta, bi eguneko epea izango dute 65 euroko diru sarrera egiteko. Horrez gain, jakinarazi dute 8 partaidetik gorako taldeetan, jokalari gehigarri bakoitzeko 5 euro gehiago ordaindu beharko dituztela. Rural Kutxako kontu korronte honetan egin beharko dute ordainketa izena eman eta onartuak izan diren taldeek: ES97 3008 0181 3545 1127 3924.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide