Saskibaloiko Gizonezkoen Lehenengo Mailako sailkapen fasea jokatu zuten duela bi asteburu Donostian, Aieteko kiroldegian, eta Ulacia Zast taldea garaile izan zen. Ondorioz, datorren denboraldian EBA ligan jokatzeko txartela erdietsi du Zarauzko gizonezkoen lehen taldeak. "Oso gustura gaude egin dugun denboraldiarekin. Bagenekien talde ona geneukala mailaz igotzeko edo, behintzat, hor gertu ibiltzeko. Azkenean, ezin izan dugu lehen postuan sailkatu ligan, baina lauko finalari esker, lortu dugu asmoak betetzea", nabarmendu du Ulacia Zast taldeko entrenatzaile Jokin Collantesek.
Sari potoloa da, baina badakite kategoria horretan jokatzea zer den: "Urte batzuk egin ditugu maila horretan, eta badakigu zer den hori". Hala ere, maila berreskuratzea "balentria handia" dela diote. Izan ere, iaz jaitsi ziren EBA ligatik Gizonezkoen Lehenengo Mailara, eta beren tokira itzultzea "nahitaezko" xedea ez baldin bazen ere, taldeak erantzukizun handia hartu du.
"Iazko jokalari multzoak jarraitu du aurtengo denboraldian, nahiz eta kategoria galdu genuen. Gauzak serio hartuta eta lanak ondo eginda, gure helburuetatik gertu ibiliko ginela sinesten genuen, eta, azkenean, horrela izan da", kontatu du Collantesek. Denboraldi osoan zehar "txukun" aritu dira, eta azken zortzi jardunaldiak irabazita iritsi ziren lauko finalera. Sasoi bukaerako dinamika onak konfiantza handia eman zien azken txanpako bi partida erabakigarrietarako.
Bigarren txartela jokoan
Gizonezkoen Lehenengo Mailako liga Redline Mekanika Takek irabazi zuen, eta, hala, Tolosako (Gipuzkoa) taldeak zuzenean lortu zuen EBA ligara sailkatzea. Baina bigarren txartel bat zegoen jokoan, eta hori da Ulacia Zastek erdietsi duena lauko finalari esker, nahiz eta Valle de Egues izan faborito nagusia hasieran. "Valle de Egues eta Tolosa taldeen artean egon da ligako lehen postua, eta azken jardunaldira arte ez da jakin bietako zein igoko zen zuzenean kategoriaz. Gu koska bat beherago geratu gara [hirugarren postuan], eta ikusten genuen lehen postura iristea jada konplexua izango zela. Beraz, lauko finalera bideratu genuen gure lana, guztiok ongi iristeko", azaldu du Collantesek.
Atletico San Sebastian taldeak Euskadiko Kopa irabazi zuenez, finaleko gurutzaketan Loiola Indautxuren aurka jokatzea tokatu zitzaion; hau da, sailkapeneko laugarrenak bosgarrenaren aurka neurtu zituen indarrak. Horrek, nolabait esateko, zarauztarren bidea zaildu zuen, Valle de Eguesen kontra jokatu behar izan zutelako finalerdiko neurketa. "Agian, aurkari gogorrena finalean tokatu beharrean, finalerdietan egokitu zitzaigun". Haien aurkako denboraldiko bi partidak galdu egin bazituzten ere, aurrera egin ahal izan zuten 57-67ko emaitzarekin. Final nagusian, beste horrenbeste egin zuen Ulacia Zastek: 67-78 irabazi zion Loiola Indautxuri. "Finala ere borrokatua izan zen, eta aurkariak ez zizkigun gauzak erraz jarri", dio entrenatzaileak.
Taldean sinesten
Balentria lortzeko garaian taldeak izan duen ezaugarri nagusiena jokalarien "konpromisoa" izan dela azpimarratu du Collantesek: "Urte luzez taldean sinetsi izan duen eta dena eman duen jendea da". Halaber, oso ongi ezagutzen dutela guztiek elkar gaineratu du: "Batzuekin, gainera, hamabost urte daramatzat saskibaloian jokatzen, eta horrelako lotura estua duzun jokalariek ez dizute hutsik egiten".
Entrenatzaileak ere zerikusia izaten du halako lorpenetan, eta lauko finalean, entrenatzaile onenaren saria eman zioten Collantesi. Zarauztarrak umiltasun osoz jaso du aitortza, ez baitzuen inolaz ere espero: "Harritu egin nau, egia esan. Beste talde batzuk hobeto ibili dira ligan, eta haien entrenatzaileei emango zietela uste nuen. Baina beti da pozgarria eta eskertzekoa norberak egindako lana baloratzea eta saritzea. Edonola ere, guztiaren gainetik talde lana da gehien estimatzen dudana, eta horrekin geratzen naiz".
Datorren denboraldiari begira jartzeko goizegi da oraindik, baina aurki hasiko dira jokalariei galdezka zer egiteko asmoa duten. "Espero dugu, aurten bezala, taldearekiko duten konpromisoari eustea eta jokalari guztiek jarraitzea".