Amak omentzeko asmotan erretratatu dituzu loreak, eta argazki erakusketa jarri duzu Emakumeen Etxean, ekainaren 2ra arte zabalik izango dena.
Bai. Normalean gehiago lantzen ditut paisaiak eta, baina erakusketa maiatzean egitea eskaini zidaten; loreen hila eta Amaren Eguna izaten da sasoi horretan, eta bi ideiak elkartuta sortu nuen erakusketaren ideia.
Loreak amen figurarekin lotzen dituzu, beraz?
Egun batzuk lehenago izan zen Amaren Eguna, eta lore pila bat neuzkan erretratatuta. Horiek pilatuta sortu nuen bilduma. Harritu egin ziren ingurukoak, gehienetan paisaiak, itsasoa, lainoak eta halakoak erretratatzen ditudalako. Sorpresa txiki bat izan da.
Eta zuretzat, esperimentatzeko aitzakia bat ere bai?
Bai, erronka txiki bat. Ez nuen erosotasunean jarraitu nahi. Egia esan, ez dut sekula egin halakorik, eta jendeari asko ari zaio gustatzen bilduma. Ikastaroak-eta egiten dituzte Emakumeen Etxean, eta jendeak orduan ikusten du bilduma. Loreak asko gustatzen zaizkigu emakumeoi.
Zer eskertu nahi izan diozu zeure amari?
Nire ama emakume oso langilea izan zen. Garun paralisia zeukan seme bat izan zuen erditzetik. Dena eman zion seme hari. Beti dut gogoan. Omenaldi txiki honekin erabat hunkituta nago; bere bizitza horretara sakrifikatu zuen.
Aldarrikapen bat ere ba al da?
Bai. Etxeko pisu guztia emakumezkoek daramate, oro har.
Nolakoa izan da sortze prozesu?
Autodidakta naiz, eta ikasten dudan guztiak poza ematen dit. Erronka txikiak jartzen dizkiot neure buruari. Zazpi edo zortzi urte daramatzat argazkilaritzan, eta begiak ere ikasi egiten du. Argazki asko egin behar dira on bat ateratzeko. Kamera eta autoa hartu, eta gustura ibiltzen naiz; gozatu egiten dut honetan.
Zein duzu hurrengo erronka?
Gustuko ditut gaueko argazkiak, eta ez dira egiteko errazak. Orain, esaterako, Sorian [Espainia] nago, eta kolore desberdinen bila ari naiz. Atzo euria egin zuen, eta kolore gorriak, berdeak... ikusi nituen. Begiek gauza berriak ikusten dituztenean emozionatu egiten naiz. Dena berria da, eta halakoetan argazki pila bat ikusten ditut inguruan.
Santa Klaran ere ikusgai dira Iciarren lanak
Santa Klara komentuak lehen argazki mostra hartu du. Zarauzko Argazkilari Elkarteko kideen bina lan ikusgai daude han, tartean, Arbil Iciarrenak berarenak. Egunero izango da zabalik, 18:00etatik 20:00etara.