Santa Klarak lehenengo erakusketa hartuko du bihartik aurrera

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 18a, 16:00

Santa Klara komentua barrutik. (Aitor Juaristi)

Argazkizale elkarteko kideek komentuko hainbat gelatan ateratako irudiak erakutsiko dituzte 18:00etatik aurrera.

Zarauzko Argazkizale Elkartearen mostra zabalduko dute bihar Santa Klara komentuan. Eraikina udalaren jabetzakoa denetik bertan antolatu duten lehen erakusketa izango da eta honi buruzkoa izango da, hain justu. Izan ere, udalak komentua bertatik bertara ezagutzeko eskaini zituzten bisita gidatuetan argazkizale elkarteko kideek atera zituzten argazkiak dira erakutsiko dituztenak.

Gauzak horrela, berriro zabalduko ditu ateak Santa Klara komentuak bihar arratsaldean. Zehaztu dutenez, erakusketa ikusi nahi duten herritarrek Astazubi Plazatik sartu beharko dute 18:00etatik aurrera. Halaber, jakinarazi dute erakusketa egunero izango dela zabalik 20:00ak arte.

Aurrez aipatutako bisita gidatuei lotuta, bestalde, udalak jakinarazi du berriro eskainiko dituztela uda partean. Dena den, oraindik ez dituzte egunak eta ordutegia zehaztu, aurrerago egingo dute. Arrazoitu dutenez, iazko bisitek izan zuten harrera ona (1.800 pertsona inguru bertaratu ziren) aintzat hartuta erabaki dute aukera bigarrenez eskaintzea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide