Dena prest berritutako Haimar Zubeldia Klasikorako

Jabi Gonzalez Toston 2023ko maiatzaren 18a

Haimar Zubeldia Klasikoaren aurkezpena Zarauzko udaletxeko pleno aretoan. (Zarauzko Udala)

Hainbat aldaketa egin behar izan dituzte ibilbidean eta ohikoa baino hamar kilometro luzeagoa izango da. Gogortasun aldetik, berriz, apur bat txikiagoa izango da desnibela.

Bertan da Haimar Zubeldia Klasikoa. Igandean egingo dute profesionalak ez txirrindulariei bideratutako proba eta azken orduko berrikuntzekin dator, gainera. Izan ere, antolatzaileek atzoko aurkezpenean azaldu zutenez, beste lasterketa batekin kointzidituko du eta halabeharrez aldatu behar izan dute ibilbidea Goierri aldean.

Hala, Zubeldiak berak zehaztu zuenez, martxa zikloturista ez da Tolosara iritsiko aurtengoan: "Beti bezala Aritzbataldetik abiatuko gara eta kostako bidea hartuko dugu Zumaiarantz. Handik Azpeitira egingo dugu, eta, ondoren, Iturburu igoko dugu. Tolosara jaitsi ordez, Santa Ageda igoko dugu eta Beizamara jaitsiko gara. Gero, Nuarbera egingo dugu eta Mandubi igoko dugu. Jaitsieran Salbatoren izango dugu lehenengo anoa gunea. Berriro martxan hasitakoan, Ormaiztegi aldera abiatuko gara eta Atagoiti igoko dugu. Jarraian Telleriartera egingo dugu eta handik Legazpi, Zumarraga eta Azkoitira. Azpeitira itzultzean, betiko ibilbidearekin egingo dugu lotura berriro eta Landeta inguruan izango dugu bigarren Anoa gunea. Amaitzeko, Etumeta igoko dugu eta kostaldeko bidea hartuko dugu berriro. Horri eusten ahalegindu gara, beti delako polita mendateak igo ondoren kostako bidea egitea. Batez ere, kanpotik etortzen den jendearentzat".

Moldaketa horiek izan dute eraginik ibilbidearen luzeran eta gogortasunean ere: "Desnibelaren metroei erreparatuta apur bat gutxiago dira, ohiko ibilbideak 2.500 metro positiboak gainditzen zituen eta oraingoa gutxigatik bada ere, ez da iristen. Kilometro kopurua, berriz, 160 inguru izango dira 150 beharrean", argitu zuen Zubeldiak. Edonola ere, ez zen kezkatuta agertu: "Uste dut jendeari gustatuko zaiola".

Martxa zikloturista 08:00etan abiatuko da eta Haimar Zubeldia Klasikoko arduradunek zehaztu dutenez, parte hartzaileek larunbat arratsaldean nahiz igandean proba hasi aurretik jaso ahalko dituzte dortsalak Aritzbatalde frontoian. 16:00etatik aurrera larunbatean eta 07:00etan igandean.

Era berean, gogoratu dute, proba zikloturista izanik autoekin partekatu beharko dutela errepidea. Horregatik, trafiko arauak errespetatzeko deia egin diete parte hartzaile guztiei. Horrez gain, jakinarazi dute zabala izango dela proban txirrindulariekin batera joango den laguntzaileen dispositiboa: Bi anbulantzia, furgonetak proban jarraitu ezin dutenak hartzeko, mekanikariak...

Parte hartzea

Aurreikusten den parte hartze datuak ere eman dituzte antolatzaileek: "730 lagun inguruk eman dute izena eta horietatik 30 izango dira emakumeak". Zentzu horretan, gogoratu dute beti egiten dutela emakumeak erakartzeko ahalegina: "Aurten ere saiatu gara ibilbide laburragoa antolatzen emakume gehiagoren parte hartzea sustatuko lukeelako, baina aurten ere ez da posible izango".

Parte hartzeari lotuta, jakinarazi dute, halaber, txirrindulari izandako hainbat izen handi izango direla irteera marran: "Iaz parte hartu zuen Carlos Sastre Frantziako 2008ko Tourreko irabazleak errepikatu egingo du, Marino Lejarreta, aurten erretiroa hartu duen Mikel Nieve edota Iban Mayo izango ditugu gurekin". Azken biei, gainera, omenalditxoa ere egingo diete martxa abiatu aurretik. Horrez gain, jakinarazi dute Herbeheretatik etorritako hamabost laguneko talde batek ere eman duela izena.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide