Saskibaloiko 3×3 modalitateko kluben arteko Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute igande honetan, Zarauzko malekoian, Dama aurreko zabalgunean. 17 urtez azpikoen kategorian jokatuko da lehia, eta, guztira, hamabi taldek hartuko dute parte: zortzi gizonezkoetan –bi multzotan banatuta–, eta lau emakumezkoetan.
ZAST Zarautz etxeko taldeak lehen multzoan jokatuko du, EASO Gipuzkoa Basket Mandoegi, Goierri Gaestopas eta Alter Consulting ISBrekin batera. Bigarren multzoan, ondorengo hauek ariko dira nor baino nor: TAKE Burruntzi, Mondragon Unibertsitatea, EASO Basket Andatza eta Askatuak Hollis. Emakumeko lau taldeak, berriz, hauek izango dira: EASO Ibaeta Basket, Fundibide ISB, EASO Basket Plagamania eta Atletico SN SN Garazi. Hain zuzen ere, emakumeen txapelketarekin ekingo diote kirol ekitaldiari eguerdian. 12:00etan hasiko dira partidak jokatzen, eta finala 13:45 aldera izatea aurreikusi dute.
Gizonezkoen arteko norgehiagokak, berriz, arratsaldean izango dira, 15:00etatik aurrera; finala 18:45ean zehaztu dute. Talde parte hartzaileek astebete geroago –maiatzaren azken asteburuan– jokatuko den Euskadiko Txapelketarako txartelak izango dituzte jokoan; Espainiako Txapelketa, berriz, ekainean jokatuko litzateke.