LGTB+ Fobiaren Aurkako Egunaren inguruko adierazpen instituzionala egin dute

Aritz Mutiozabal 2023ko maiatzaren 17a

Ostadar koloreko banderola, ' Nazena naizela onartua' leloarekin, udaletxeko balkoian. (Zarauzko Udala)

Gaur, maiatzaren 17a, LGTB+ Fobiaren Aurkako Eguna da, eta Zarauzko Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du, erasoak salatzeko eta sexu nahiz genero aniztasunarekiko askatasuna eta errespetua aldarrikatzeko.

Maiatzaren 17an, ahotsa goratzen dugu (are gehiago) LGTB+ pertsonen aurkako erasoak salatzeko eta pertsona bakoitzaren errespetuan eta askatasunean oinarritutako gizarte justua, berdintasunezkoa eta askotarikoa eskatzeko.

Argi dago indarkeria erabiltzeko modu asko daudela; LGTB+ pertsonek badakite hori, eta egunero pairatzen dute. Eusko Jaurlaritzak diskriminazioaren aurka borrokatzeko bultzatzen duen ERABEREAN sarearen azken txostenaren arabera, sexu-orientazioagatiko eta/edo generoagatiko erasoak gure gizartean ohikoena den bigarren diskriminazio-modua dira.

Agerikoa da salaketak ugaritu izana LGTB+ komunitateak urteetan jasan duen isiltasunaren isla baino ez dela. Horregatik, beharrezkoa da gure gizartean oraindik indarrean dauden diskriminazioen aurkako borroka sendotzen jarraitzea, askotan ikusezinak diren genero-identitate, -orientazio eta -adierazpen guztiak errespetatuz; gizarte osoaren erantzukizuna diskriminazio- eta indarkeria-mota guztien aurka borrokatzeko.

23 urte igaro dira OMEk homosexualitatea gaixotasuntzat hartzeari utzi zionetik, eta bost urte DSM-5ek (Ameriketako Estatu Batuetako Psikiatria Elkartearen Diagnostiko eta Estatistika Eskuliburua) transexualitatea buruko nahasmendu gisa ezabatu zuenetik.

Erakundeok, elkarteek eta gizartearen alderdi konprometituenak gogor eta aktiboki lan egiten dugu LGTB+ pertsonek aurre egin behar dieten oztopo erantsiak ezabatzeko.

Gaur maiatzaren 17a da. Eta gaur, urteko gainerako 364 egunetan egiten dugun bezala, gizarte hobea bultzatzeko eta sexu- eta genero-aniztasunarekiko gorrotoak eragindako erasoak salatzeko konpromisoa berresten dugu. LGTB+fobiarik gabeko gizarte baten alde!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide