Zarauzko Udalak EraStop aplikazioaren erabilera sustatu du orain arte indarkeria matxista erasoei aurre egiteko, baina 112 SOS Deiak aplikazioak eraso horiei erantzuteko atal berezia ahalbidetu duenez, aurrerantzean azken hori erabiltzea erabaki du Parekidetasun departamentuak. "EraStop aplikazioa bertan behera utziko dugu eta horren ordez 112 SOS Deiak aplikazioa sustatuko dugu Zarautzen”, zehaztu du Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak.
Hala, pegatinak banatuko dituzte herriko tabernetan, bertan jarri ditzaten eta herritarrak gonbidatu dituzte 112 SOS Deiak aplikazioa mugikorrean deskargatzera.
Aplikazio berriarekin laguntza eskatzeko eta hau lehenbailehen jasotzeko bidea erraztu nahi diote erasoren bat jasaten duen edozein herritarri. Gainera, gune berezi bat ahalbidetu dute emakumeen kontrako indarkeria kasuetarako. Baita ere ondorengo funtzioak ditu:
- 112ra telefono-deiaren bitartez (GPS posizioa hartuko du), eta aukera hau posiblea ez bada, ahots gabeko sarbidearen bitartez.
- Larrialdia pertsonalizatzeko aukera.
- Alerta geolokalizatuak bidaltzen ditu.
- Bide Segurua funtzioa du.