Zarauzko Udalak bat egingo du aurten ere maiatzaren 17ko LGTBI+ Fobiaren Aurkako Egunarekin, eta, horren erakusle da hainbat ekintza prestatu dituela asteazkenari begira Naizena, naizela, onartua lelopean. Zentzu horretan, Gloria Vazquez parekidetasun zinegotziak azaldu du herritarrak sentsibilizatzea dela helburua pertsona ororen "askatasuna aldarrikatzeko". Zinegotziaren hitzetan, "Anitza da gure gizartea eta bakoitzak bere sexu hautua nahi duen bezala bizitzeko aske izan beharko luke. Zoritxarrez, hori defendatzeko egunak behar dira oraindik".
Bada, sexu askatasunaz sentsibilizatu eta gaiari ikusgarritasuna emateko San Frantzisko kalea eta hondartza batzen dituen errepidearen azpiko pasagunean dagoen murala berrituko dutela jakinarazi dute. Vazquezek zehaztu duenez, "ostadarra jada nahiko trakets zegoenez, horma zuritzea erabaki dugu murala berriro margotzeko. Goreti Aranburuk margotuko du berriro ere eta egunotan egingo du". Halaber, ostadarraren koloreekin atondutako Torre Luzeako parkeko bankua berrituko dute eta beste bat jarriko dute Emakumeen* Etxearen aurreko Belauntzaran plazan. Bertan, gainera, banderolak jarriko dituzte aste osoan eta gauza bera egingo dute udaletxean ere. Banderak aipatuta, Zarauzko Damari ere jarriko diote kapa gisa.
LGTBI+ Fobiaren Aurkako Egunerako, berriz, Zarakatun Batukada Feminista taldearen kalejira eta Aner Peritz eta Uxue Alkortaren bertso saioa antolatu dituzte. Emakumeen* Etxetik abiatuko da batukada 19:00etan eta Torreluzea parean amaituko du ibilbidea. Hain justu, bertan abestuko dute bertsolariek.
Horrez gain, udalak jakinarazi du Zarauzko ikastetxeak ez ezik Hezkidetza Forora atxikita dauden kostaldeko beste hainbat herritako zentro ere batuko direla aldarrikapen egunera. Hala, ostadarraren pankartak jarriko dituzte beraiek ere eta gaiaren inguruko unitate didaktikoa landuko dute aste osoan.