Ia 85 kilo zabor bildu dituzte Zarauzko hondartzan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko maiatzaren 13a

Zarauzko hondartzan egindako itsas hondakin bilketetako bat. (Zarauzko Udala)

Itsas hondakinak biltzeko zazpi jardunaldi egin dituzte eta mikroplastikoak izan dira gehienak. Horien analisia egiteko beste hamabi saio ere egin dituzte eta, guztira, 713 lagunek hartu dute parte ekintzetan.

Zarauzko Udalak jakinarazi duenez, 83,4 kilo itsas hondakin bildu dituzte herriko hondartzan 2022-2023ko udazken eta neguan egin dituzten zazpi zabor bilketetan. Eraztun Berde Urdinaren proiektuaren barruan egin dituzte jardunaldiok udaleko Agenda 2030 eta Ingurumen departamentuek MATER Ontzi Museo Ekoaktiboarekin elkarlanean, eta bildutako zabor horren analisia egiteko beste 12 saio ere egin dituzte. Zehaztu dutenez, aipatu ekintzetan herriko ikastetxeetako 681 ikaslek eta beste 32 norbanakok hartu dute parte, guztira.

Zentzu horretan, udalak azaldu du zabor bilketak 12 urte arteko neska-mutikoekin egin dituztela eta laginketak DBHko eta lanbide heziketako gazteekin. Horrez gain, gogoratu du urtarrilaren 22an, jardunaldi irekia eskaini zutela, non Bio eta Zaborren martxa ere egin zuten itsas hondakinen arazoaren aurrean herritarrak sentsibilizatzeko.

Mikroplastikoak, arazo nagusia

Udalak zehaztu du, halaber, 8.500 baino gehiago izan direla zabor bilketetan bildu dituzten jaso dituzten elementu kutsagarriak. Tartean, ia 4.000 mikroplastiko. Azken horiei lotuta, "ingurumen-arazo nagusietako bat mikroplastikoak dira", azaldu du udalak; izan ere, 0 eta 5 mm bitarteko plastiko-zatiak dira, begiarentzat ia hautemanezinak.

Bada, mikroplastiko horien analisia ere egin dute ikasleekin, eta, horretarako, metro karratu bateko eremuetan pilatu dituzte bildutako hondakin zati txikiak. Hala, ondorioztatu dute metro karratuko 13,32 mikroplastiko bildu dituztela batez beste.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide