Astronomia Asteari gaur emango diote jarraipena

Aritz Mutiozabal 2023ko maiatzaren 11

Astronomia Astea.

Girgillaoko Behatoki Astronomikora antolatutako larunbateko irteera bertan behera geratu da eguraldiagatik.

Astronomi Asteak aurrera jarraitzen du, eta gaur Eguzki sistema neptunotik haratago hitzaldia eskainiko du Arkamurkako kide Iñigo Elorzak elkartearen lokalean, 19:00etan hasita. Neptunotik haratago hasten den kanpoko Eguzki sistemara bisita proposatuko du hizlariak. Eguzkitik urrun dagoen eskualde bat dela diote antolatzaileek, "non planeta ohiak, nanoplanetak edo kometen gordailu handi bat aurkituko ditugun, eta, oraindik ere, planeta berri bat aurki dezakegun".

Bihar, berriz, mahai ingurua izango da Pagoeta mendizale elkartearen lokalean. Ekitaldi honek lagunen arteko bilera informala izan nahi du, astronomiaren egungo egoerari buruz hausnartzeko. Lau lagun elkartuko dira mahaiaren bueltan: Virginia Garcia (Aranzadi zientzia elkarteko Astronomia saileko zuzendaria), Fernando Jauregi (Iruñeko Planetarioko astrofisikaria), Esteban Esteban (12 urtez Durangoko Astronomia Gelako arduraduna eta dibulgatzailea), eta Cristina Ortega (AVS Added Value Solutions enpresako Espazioko zuzendaria). Saioa gaztelaniaz izango da, 19:00etan hasita.

Asteari amaiera emateko, azkenik, Girgillaoko Behatoki Astronomikora irteera antolatuta zeukaten larunbaterako, baina eguraldi txarra iragarrita dagoenez, bertan behera utzi dute. Data berria zehazten saiatuko dira antolatzaileak, baino oraindik ezin dute ezer finkorik ziurtatu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide