Liburu autobiografiko bat al da ‘Potxoka’, argazkietan jasota?
Uste dut horrelako nahasketa bat dela. Pacotwo argazkilariak hogei urte daramatza nire kirol ibilbidea jarraitzen eta egin dudan oro argazkietan jasotzen; nolabait esanda, ia-ia surfean hasi nintzenetik. Egia da bera ez dela egon nire gertakari guztietan, baina bai askotan. Izatez, bera etorri zitzaidan bilduma potolo bat zeukala esanez, oraindik argitaratu gabeko argazki pila batekin, eta elkarrekin liburu bat egiteko proposamena egin zidan. Ideia polita iruditu zitzaidan; batik bat, oroimen ariketa izango litzatekeelako niretzat. Gaur egun, aro digitalean oso murgilduta gaude eta dena oso bizkor pasatzen da. Dena da bat-batekoa, dena iragankorra eta ahanzkorra. Ondorioz, zerbait ukigarria argitaratu ahal izateak ilusio berezia egin zidan.
Nola egituratuta dago liburua?
Lau gaitegi ditu liburuak, eta modu horretan egituratu dugu. Alde batetik, nire sustraiak nabarmendu ditut, hastapenak eta surfari ekin nionean nire inguruan izan ziren hainbat gauza. Bestetik, surfari lotuta egin ditudan bidaiak txertatu ditut, izan ere, nire bizitza izaten ari dira. Beste atal bat adrenalinari eskaini diot, surfak asko sorrarazten didan zerbait delako. Azkenik, Teahupoori eskaini diot tartea: Tahitiko olatua da, nire ibilbidean oso garrantzitsua izan dena. Liburua egiten hasi ginenean, Pacotworen ametsa zen Teahupoora bidaiatzea, hango bizipenak argazkietan jaso eta horrela liburua borobiltzea.
Zaila izan al da argazkien aukeraketa egitea?
Prozesuaren alderdirik politena izan da hori. Artxiboetan arakatu dugu, eta hori gehienbat Pacotworen ardura izan da. Erabakitzeko momentuak ere izan ditugu; izan ere, argazki batzuk berari asko gustatzen zitzaizkion eta nire ez horrenbeste, eta alderantziz. Proposatzen zizkidan batzuk politak ziren, baina agian ez ninduten gehiegi ukitzen. Kasu horietan, argazki horien ondoan zer idatzi behar nuen pentsatzen hasten nintzen, eta, jakina, aukeratzerakoan, argazki batzuek gehiago iradokitzen zidaten beste batzuek baino. Irudi guztiek ez dute azalpena, baina hainbatek bai, eta hori izan da gure lan prozesua. Zentzu horretan, niretzako erronka potentea izan da argitara ateratzeko idaztea. Tarteka idatzi izan dut, eguneroko bat bailitzan edo txapelketa baten aurrean motibatzeko, baina beti niretzat egin izan dut. Kasu honetan, joera bera jarraitu dut: niretzat idatzi ditut testuak, beharbada gauzak gehiago azalduz, baina diferentzia da edonork irakurri ahal izango dituela.
Gogoeta intimoagoak al dira, akaso?
Bai, hala direla uste dut. Azken finean, elkarrizketa batean zaila da intimitate horretara iristea, baina paper baten aurrean idazten hastean eta zeure baitan murgiltzen zarenean, pixka bat gehiago sakontzen dituzu zure sentimenduak. Ariketa polita izan da, eta gurasoekin eta amonarekin ere hitz egin dut, zenbait gauzaz ez nintzelako gogoratzen. Antza denez, 3 urte egin baino lehen jada eskatu omen nuen surfeko taula bat.
Gaztelaniaz argitaratu duzu lana. Bertsio ezberdinak kaleratzeko asmorik ba al duzu?
Guretzat mundu berria da liburugintzarena, eta konturatzen zara edizio bat egiteko zenbat liburu argitaratu behar dituzun, horrek duen kostu guztiarekin. Momentuz, gaztelaniaz bakarrik kaleratu dugu, eta aurkezpen saioak egiten ari gara Euskal Herrian eta Espainian. Nire asmoa zen liburua asteburu honetan aurkeztea herrian, Zarautz 4 Teens txapelketaren barruan, baina atzeratu egin behar izan dugu beste behin ere lehia, eguraldi txarra dagoelako iragarrita. Beraz, liburua datorren astean aurkeztuko dugu segur aski. Oraingoz gaztelaniaz dago, bai, baina ilusio handia egingo lidake euskaraz ere kaleratu ahal izateak. Gainera, ikusi nahi dugu zer-nolako erantzuna izaten duen, eta horren arabera, ingelesez ere ateratzera animatuko ginateke, Quicksilver nire babeslearen bitartez Europan barna banatzeko. Baina kontuan izan behar da ahalegin ekonomiko handia egin behar dela horretarako, eta ondo aztertu behar dela guztia.
Bildutako zein argazkik sorrarazi dizu benetako zirrara?
Sentipen hori eragin didaten pare bat daude. Bata, Zarauzko Surf Txapelketa irabazi nuenekoa da. 2007an izan zen, urte oso berezia izan zen niretzat, eta etxean irabazteak esanahi indartsua zeukan. Pukas familiak urteetan antolatu zuen surf txapelketa Zarautzen, eta horrek harrapatu egin ninduen; orduan hasi nintzen amesten. Bestea, berriz, Indar Unanuerekin batera Namibiara lehen aldiz bidaiatu nuenekoa da. Nire olatu gogokoena da Namibiakoa, Skeleton Bay-koa, eta aipatu argazkian biok agertzen gara pozez zoratzen bertan ikusi genuen perfekzioaren aurrean. Orduan ohartu nintzen, txapelketez gain, halako bidaia gehiago egin nahi nituela.