Merkatu plazako baserritarren postuetan erosketak sustatzeko kanpaina jarri dute martxan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko maiatzaren 9a

Jaso bostekoa kanpainako bonua. (Merkatua Bizirik)

Zarauzko Merkatua Bizirik elkartearen ekimena da eta Jaso bostekoa deitu dute. 5 euroko mila bonu banatuko dituzte postu itxietan 25 eurotik gorako erosketak egiten dituzten bezeroen artean.

Zarauzko Merkatua Bizirik elkarteak Merkatu Plazako postu itxien eta baserritarren arteko elkarlana bultzatu eta erosleei aukera berriak eskaini asmo dien kanpaina jarri du martxan: Jaso bostekoa. Zehazki, 5 euroko laguntza bonuak banatuko dituzte baserritarren postuetan gastatzeko postu itxietan, hau da, harategi, arrandegi eta bestelakoetan 25 eurotik gorako erosketa egiten duten bezeroen artean.

Kanpaina dagoeneko abian da eta bonuak agortutakoan amaituko da. Horren harira, Merkatua Bizirik elkarteak jakinarazi du mila direla guztira ahalbidetuko dituzten bonuak. Aintzat hartu beharreko bestea da hamabost eguneko epean gastatu beharko dituztela bonuak bezeroek.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide