Zarauzko EH Bilduk herriko kirol zerbitzuen eskaintza zabaldu nahi du, eta, horretarako, Hegoalden azpiegitura berri bat egitea proposatu du. Koalizio abertzaleak azaldu duenez, hainbat eragilek eta erabiltzailek kexuak helarazi dizkiote hainbat azpiegitura publiko txiki geratu direlako eta gogoko dituzten beste praktika jakin batzuetarako azpiegiturarik ez dagoelako.
Azken horren harira, Ion Arozena EH Bilduko zinegotziak adierazi du "asko" direla "inguruko herrietara padelera jokatzera joaten diren zarauztarrak". Horregatik, proposamenak padel pista bat egitea ere aurreikusiko luke, nagusiki. Dena den, ez da bakarra, zeren eta, "kiroldegian eskaini ezin diren ikastaro eta aukera batzuk" ere eskaini nahi dituzte.
Alderdiak zehaztu duenez, Gipuzkoa kaleko eta Maxi Eroski atzeko ingurunea birgaitu eta kirol eskaintza zabaltzeko. Gaur egun crossfit gunea, gimnasioa eta eskalada eremua dauden tokian, hain zuzen. Zentzu horretan, koalizioak argi utzi nahi izan du asmoa dela eskaintza pribatu hori osatzea "Hegoaldeko eremuan dauden egungo eskaintzei konpetentziarik egin gabe".