Gastronomia aitzaki hartuta, Zarautzen elkar bizi diren kulturak ezagutzeko aukera izango dute herriko bizilagunek, beste behin, Zarauztik Mundura ekimenaren barran. Maiatzaren 13tik 21era egingo dute aurtengoa eta hamabi dira guztira parte hartuko duten tabernak. Bertan, hainbat jatorritako jakiak eskainiko dituzte herritarrek dastatu ditzaten. Zortzi herrialdetakoak zehazki, Latinoamerikakoak gehienak: Nikaragua, Peru, Paraguai, Ekuador, Maroko, Argentina, Kolonbia eta Guatemala.
Zentzu horretan, Iratxe Zorrozua Immigrazio zinegotziak argi utzi du honakoa ez dela ekimen gastronomikoa, baizik eta bitartekoa "herriko kultur aniztasunari gorazarre egiteko eta herri honetako motor ekonomikoa den ostalaritzari inmigrazioak egiten dion ekarpena aitortzeko". Ildo beretik, zinegotziak adierazi du munduko bazter desberdinetatik etorritako biztanleek osatzen dutela Zarautz, eta horri esker, "koloretako puzzle handi bat" dela herria.
Esan bezala, larunbatean emango diote hasiera aurtengo edizioari, eta horretarako gastronomiatik aldentzen diren ekintzak ere antolatu dituzte. Goizean, batukada afrikar batek herriko kaleak alaituko ditu, eta, arratsaldean, Bolibiako dantza ikuskizuna eskainiko dute.
Urtetako lana
Atzerritik iritsi ondoren bizilekua Zarautzen finkatu duten eta aitortza hori jasoko duten herriko bizilagunek beren aldetik, eskertuta mintzatu dira Zarauztik Mundura ekimenarekin nahiz Euskal Herrian egonkortzeko aukera izan dutelako. Hala, Nikaraguatik duela hamar urte "bakarrik" iritsi zen Esperanza Pantojak kontatu du zituen "ametsak bete" ahal izan dituela Zarautzen eta familia ere bertan osatu duela. Halaber, nabarmendu du aipatu ekimenak aukera ederra eskaintzen diela "elkar ezagutzeko eta gure kultura eta zoragarriak diren zaporeak erakusteko".
Bada, dastagai izango den pintxoetako bat Javier Carreñoren jatorri ekuadortarreko Corviche-a da, haren amaren asmakizuna sukaldariak berak aitortu duenez: "Amak sortu zuen eta txikia nintzela Ekuadorreko kaleetan saltzen nuen. Orain Zarautzen eskaintzea otu zait eta herritarrek gustuko izatea espero dut".
Aitzitik, egun dauden tokira iristeko bide luzea egin behar izan dutela ere aitortu dute. Argentina utzi ondoren Euskal Herrian 16 urte daramatzan Roberto Vallejosek azaldu du, esaterako, berak urratsez urrats egin duela aurrera: "platerak garbitzen hasi nintzen, sukaldeko laguntzaile izatera pasatu nintzen gero, sukaldari ondoren, eta orain nire taberna dut".