Espainiako Diputatuen Kongresuak apirila amaieran onartutako Etxebizitza Legeak alokairuen prezioari muga jartzeko ematen dituen aukerak Zarautzen nola aplikatu aztertu du alderdi sozialistak azken egunotan. Zeren, Zarauzko PSE-EEren arabera, "arauak orain arte ez zuten segurtasun juridikoa ematen die udalei nahiz autonomi erkidegoei tenkatutako eremuei izaera berezia emateko egiteko eta eremu horietan alokairuei mugak jartzeko".
Horren harira, sozialistek diote Zarautz badela eremu tenkatu horietako bat "alokairuaren prezioa Euskadiko eta Gipuzkoako batez bestekoaren gainetik dagoelako, eta eskaintza oso eskasa delako, batez ere turismora bideratutako alokairuen eraginagatik". Hori horrela, sozialistek proposatu dute hobari fiskalak ematea udal zerga eta tasetan etxebizitzak merkatuko prezioen azpitik alokatzen dituzten jabeei. Ildo beretik, diote "fiskalitatea gakoa" izango dela arrazoizko errentak bultzatzeko; izan ere, "lege berriak pizgarri garrantzitsuak dituen neurri sorta jarri du mahai gainean".
Horrez gain, garrantzia eman diote etxebizitza hutsen alokairua eta mobilizazioa sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren programak udalak dituen baliabideekin osatzeari, "erakargarriak eta lehiakorrak izan daitezen izaera turistikoa duten Zarautz bezalako udalerrietan". Horren harira, Gloria Vazquez alkategai sozialistak dio "askoz gehiago" egin daitekeela udaletatik, baita Zarautzen ere.
Hautagaiak nabarmendu du, hori bai, Zarautzen ahalegin handia egin dela etxebizitza babestuen eskaintza arrazoizko prezioetan handitzeko "sustapen horiek % 85 baino gehiago handitzen ari direlako erakundeen arteko lankidetzari eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza alorraren bultzadari esker. Izan ere, titulartasun publikoko alokairuko 190 etxebizitza berri baino gehiago daude Aldapetan, Salberdinen eta Lanpardon".