Estua izan da asteburuan Aritzbatalden ikusgai izan den jubenil mutilen eskubaloi dema. Asobal ligan aritzen diren hiru klubetako harrobiko taldeak izan ditu aurkari etxeko taldeak, Gran Camping Zarautzek, eta Pontevedrako (Galizia) Club Cisneri bakarrik irabazi badio ere, gogor saldu du porrota beste bi partidetan. Bi golen aldeaz galdu zuen KH-7 Granollers Sportingen (Katalunia) aurka ostiralean eta hiru golen aldeaz atzo txapelduna izan den Santanderreko (Kantabria, Espainia) BM Sinfinen aurka. Gainera, bigarren zatian aurre ere hartu zuen markagailuan etxeko taldeak.
BM Sinfini lotuta, esan behar da Granollersen aurka larunbatean lortu zuen garaipenari esker lortu duela hurrengo faserako sailkatzea; izan ere, ez zion hasiera ona eman sektoreari. Galdu egin zuen ostiralean Cisneren aurka jokatutako lehenengo partida.
Honako hauek izan dira Zarautzen jokatutako jubenil mutilen Espainiako Txapelketako sektoreak utzi dituen emaitzak:
- BM Sinfin - Club Cisne 25-31
- Gran Camping Zarautz - KH-7 Granollers Sporting 27-29
- BM Sinfin - KH-7 Granollers Sporting 35-34
- Gran Camping Zarautz - Club Cisne 26-24
- H-7 Granollers Sporting - Club Cisne 37-27
- Gran Camping Zarautz - BM Sinfin 26-29