Bere amaierara iritsi da jada Zarauzko 78. Hondartzako Futbol Txapelketa. Bihar jokatuko dira hamabosgarren eta azken jardunaldiko partidak, eta bertan erabakiko dira aurtengo kopako eta ligako txapeldunak.
Guztira, seniorren eta eskolartekoen hamar partida izango dira jokoan aldi berean bihar goizean, 10:30ean hasita. Futbol jokalariez gain, ingurukoez, animoez eta kirolzaletasun giro ederraz beteko da hondartza. Behin partidak jokatu ondoren, sari banaketa ekitaldiari ekingo diote. Haimar Arozena antolatzailearen hitzetan, «sorpresaren bat» ere izan liteke sari banaketan bertan. Horrez gain, kolektibotasuna goraipatzeko, sari indibidualak kenduko dituzte aurtengoan. Beraz, ez dira izango jokalari onenaren, atezain onenaren zein lehen gola sartu duenaren sariak, «indibidualtasunaren figura horrekin» hautsi nahi izan dutelako hondartzako futboleko antolatzaileek. Prozedura azkarragoa izango du sari banaketak, eta horren bidez, «giroa goian mantendu» nahi dute.
Jarraian, iaz egin bezala, bazkaria egingo dute, Orokietako frontoian, aurtengoan. Antolatzaileen arabera, 400 bat pertsona batuko dira finalen ondorengo bazkarian.
Arozenak aipatu du txapelketak «aurreko bi urteetako dinamikari» eutsi diola. Dena den, aipatu nahi izan du gizonezkoen partidetan epaile aritzeko jende faltan ibili direla, eta horrekin lotu du zenbait jokalarik nahiz ikuslek epaileekiko izandako jarrera. Zentzu horretan, «errespetuzko giroa sortzeko» jokalariak egiten ari diren esfortzua txalotu du Arozenak. Auzi hori urte batetik bestera konponduko ez badute ere, «bide onean» dira.
Aurtengoan iaz baino emakumezkoen talde bat gehiago aritu da hondartzan futbolean, eta herritik kanpokoa, gainera. Bitxikeria bat aipatu nahi izan du antolatzaileak: «Hau ez da kirol askotan pasako. Maria Jauregi izena darama ligak, kirolzaletasunaren alde egin duen pertsona bat delako, eta bizi den artean eskertu nahi izan diogulako hori. Bere alaba batekin jokatzen du taldean, eta partidaren batean beste alaba ere izan du aurkari».
Lehendik zituzten Azkoitiko bi talde ere mantendu dituzte. Denboraldi hasiera izan du hizketagai Arozenak: «Izen emate kopuruari eutsi genion, talde gehiago ere aritu dira, eta lorpen handia da hori guretzat».
Duela hiru aste amaitutako gazteen txapelketa ere izan du hizpide. «Pozik» agertu da hirugarrenez antolatutako txapelketarekin, eta «egonkortzeko bidean» dela uste du.
Ondorengo taulan ikus daitezke jokatuko diren finalak eta bakoitzari dagokion joko-eremua zein den.
FINALEKO PARTIDAK
1. Emakumezkoen liga. Orbela Limoss - Kebidek.
2. Emakumezkoen kopa. Euskalduna taberna - Mayflower.
3. Gizonezkoen liga. Balearri-Astillero - Telesforo erretegia.
4. Gizonezkoen kopa. Otamendi - Kirkilla Enea jatetxea.
5. LH6. mailako mutilak. Antoniano 6AM - Iturzaeta 6M.
6. LH 6.mailako neskak. Antoniano 6N - La Salle 6BN.
7. LH 6. mailako mistoak. Zaragueta 6 - Lardizabal 6.
8. LH 5.mailako mutilak. Iturzaeta 5M - Orokieta 5DM.
9. LH 5.mailako neskak. Orioko 56N - La Salle 5AN.
10. LH 5.mailako mistoak. Zaragueta 52 - Zaragueta 51.