Finalerdietako itzuliko partida erabakigarria jokatuko du igandean Gesalaga Okelan Zarautzek

Aritz Mutiozabal 2023ko maiatzaren 4a

Gesalaga Okela Zarautz (ZRT)

Astiko kirolgunean lehiatuko da Santander taldearen aurka, 12:00etan hasita, eta Klubaren Eguna izendatu dute.

Ohorezko Mailara igotzeko finalerdietako itzuliko partida jokatuko du Gesalaga Okelan Zarautz errugbi taldeak igandean, 12:00etan, Astiko zelaian. Joan den astean galdu ondoren, Santander mendean hartu eta amesten jarraitu nahi dute beltzek.

Gainera, kanporaketako gastuei aurre egiten laguntzeko, Zarautz Rugby Taldeak Klubaren Eguna izendatu du igandekoa, eta sarrera 5 euroan jarriko du, pintxoa barne; 18 urtez azpikoentzat doan izango da. "Denboraldi hasieran zaila da jakitea gauzak nola joango diren eta gastu hauek ez zeuden aurreikusita", nabarmendu dute klubetik.

Bestalde, Karlos Argiñano eta bere familia omenduko dute, 25 urtez baino gehiago elkartea laguntzeagatik.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide